Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Araeta Zubietako Santiago elizatik hegoaldera dago. Araeta edo Araneta deitzen zaio dokumentuetan. Araeta beti izan da Zubietako Komunitateko partaide. 1379an aurkitzen dugu Araeta baserriaren lehenengo erreferentzia, Zubieta Donostia eta Usurbilera lotu zenekoa. Araeta Donostian gelditu zen orduan. XV. mendearen bukaeran ere, 1495ean hain zuzen, aipatzen da baserri hau. "Iohan Martingo de Araneta, señor de la casa de Araneta..." dio Zubietako Komunitatearen agiri batek. Dokumentu horretan, Araeta baserriak, Zubietako beste etxe batzuekin batera, kontratu bat sinatu zuen Aizpurua etxearekin, eta haren bidez, Aizpuruko bi erroten erdia erosi zioten. Iohan Martingo 1448an jaioa zen.

Bestalde, Pedro de Araneta, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruko lur eta ondasunak defendatzen ageri da 1517an. 1566an, Martin de Araeta, Araeta etxeko semeak, Donostian auzotasuna zuen. Urte berean, Donostian auzotasuna zuen Beltran de Aranetak ere; Araetako oinordekoa zen.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean, Araeta armadun oinetxe gisa aipatzen du.

1673an eta 1679an, Zubietako batzarkide gisa aipatzen da Pedro de Yrigoyen Araetako jabea. 1700ean Esteban de Irigoyen Araeta zen Araeta baserriaren jabea. Pedro de Yrigoyenen semea zen, eta etxe berri bat eraiki zuen urte hartan. "Irigoyen, dueño de la casa solar de Araeta y de la nueva sitta en jurisdicción de Zubieta..." aipatzen da. Etxe berri hura gaur Etxetxuri edo Batzoki deitutakoa da. Baserri berrian, maizter Maria Ignacia de Zugasti hartu zuen. 1701ean, etxe berri hau Komunitatean sartzeko eskatu zuen, baina auzi luze baten ondoren, Komunitateko batzarrak Araeta berriak (Etxetxurik) Zubietamendiko larre eta beste ondasunetan eskubiderik ez zuela erabaki zuen. Esteban Valladolideko Kantzelaritzaraino heldu zen errekurtsoekin; urte luzez, 1701 eta 1706 artean, auzitan izan zen, baina epaia bere aurka atera zen azkenean.

1746an eta 1767an, Francisco de Irigoyen Araeta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari (prokuradore) izan zen.

1830ean, Juan Fermin de Irigoyen zen Araetako jabea. Ana Antonia de Izaguirrerekin ezkondua zegoen. Auzi bat izan zuen Aizpurua etxearekin, Iturrarte irlako zorbide bat zela eta. Dirudienez, aipatutako urtean hil zen.

1869an, Zipriano Irigoien zen baserriaren jabea. Donostian bizi zen.

XX. mendearen hasieran, Araetak hiru etxebizitza zituen, haietako bitan maizterrak bizi ziren, eta hirugarrena nagusiaren etxea zen. Nagusia Gregorio Irigoien zen garai hartan. Beste bi etxebizitzetan Roteta eta Huizi familiak bizi ziren, Irigoiendarren maizter. Zipriano, Asun, Maritxu eta Maria Pilar ziren Gregorio Irigoienen seme-alabak. Urtero, Araetan pasatzen zuten uda, eta gainontzean Donostiako kalean bizi ziren. 1936ko gerraren hasierak Araetan harrapatu zituen, eta baserrian egon ziren hirira itzultzea posible izan zen arte.

Araetako etxebizitzetako batean Huizi-Karrera familia bizi zen; Joxe Ramon aita, Manuela ama eta bost seme-alaba: Anjel, Maria, Martin, Ignazio eta Amalia. Joxe Ramon Huizi Zubietako Komunitateko aguazila zen, Komunitateak izan duen azkena. Urnietako Besabi baserriko semea zen, eta Manuela berriz, amezketarra. Martin semeak kontatzen du sei behi zituztela, eta garia, artoa eta bestelako laboreak ereiten zirela Araetako lurretan. Huizitarrak, familia osoa, Irurubietara joan ziren bizitzera, eta maizter berriak etorri ziren, Joxe Manuel Iturriotz eta bere andrea Mikela Huizi, Martin Huiziren izeba.

Orain urte batzuk, Araeta baserria saldu egin zuen Irigoien familiak. Ordurako baserria hutsa zegoen. Duela hamar urte, baserri zaharra bota eta gaurko jatetxe-sagardotegi handia egin zuten. Gaur ez dago baserri jarduerarik.

Baserriaren lotutako argazkiak: