Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Artutxa oso baserri handia zen. Gaur desagertua dago. Arrapideko erriberetan zegoen; gaur Hipodromoko aparkalekua dena, haren soro eta baratzak ziren. Baserri honetaz dauden errefentziek, argazki zaharrek eta bestelako dokumentuek erakusten dutenez, XVI. mendean osorik zurez egindako eraikuntza paregabea zen.

Artutxa baserriaren izena 1379an agertzen da lehenengo aldiz. Urte hartan Zubieta zatitu egin zen, Donostia eta Usurbilen artean. Artutxa baserriaren aipamena egiten da hor: Donostian gelditu zen. 1495eko Zubietako Komunitatearen kontratu batean ere agertzen da. Kontratu horren bidez, Pedro de Artusa, Artusa etxeko jaunak, beste zubietar batzuekin batera, Aizpurua etxearen bi erroten erdia erosi zuen. 1586ko agiri batean Artuça izena aipatzen da. 1598an eta 1599an, Juanes de Artusa zinpeko buru gisa ageri da. 1615ean, Pedro de Artusa San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatua izan zen. 1673an, Martin de Artusa Zubietako batzarkidea eta jabea da.

Lope Martinez de Isastiren Compendio Historial de Guipúzcoan ere aipatzen da "Artusa" oinetxea (1625).

Artutxa Zubietako Komunitateko partaide zen, eta akzio erdi bat zegokion.

XVI. mendean, "Maria Esteiza de Artusa ó Celayandia", Zubietan jaioa (Artutxa baserrian seguru asko), Donostiako Agirre oinetxera ezkondu zen bertako maiorazkoa zen Juan Perez de Aguirrerekin. Hauen alaba bat Maria Perez de Aguirre y Artusa, Lasartegaraikoa oinetxeko maiorazko zen Juanes de Lasarterekin ezkondu zen.

1704an, berriz, Martin de Artusa agertzen da: urte hartan auzi bateko lekuko gisa deklaratu zuen Donostiako Santa Maria elizako zimitorioan. 1644an jaioa zen, eta Zubietan bizi zen. 1704an bertan, eta auzi berean, Domingo de Artusa deitutako beste lekuko bat ageri da. 1647an jaioa zen, eta seguru asko Martinen anaia izango zen. Hernanin bizi zen.

1745ean, Domingo Thomas de Artusa izenekoak kaparetasuna frogatu zuen Donostian. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari (prokuradore) izan zen.

Bestalde, 1869an, Vega de Sellako kontearen ondorengoak ziren etxearen jabeak.

Hasiera batean etxebizitza bakarreko baserria bazen ere, geroago bitan zatitu zuten, seguru asko XIX. mendean. XX. mendearen lehenengo herenean, Tejada familia zen jabea, eta bi familia maizter bizi ziren baserrian: Amonarriz eta Arizmendi familiak. 1936an, Lasarte aldera begira Amonarriztarrak bizi ziren, eta mendialdera begira, Arizmenditarrak. Joxe Amonarrizen emaztea Maria Beloki zen, eta lau seme-alaba zituzten. Arizmenditarren aldean, Asuncion Uranga oiartzuarra bizi zen bere senarrarekin. Asuncion oiartzuarra zen, eta senarra lapurtarra. Hamabi seme-alaba hazi zituzten, hamar mutil eta bi neska.

Amonarriztarrek Lasarten lan egiten zuten, garraio lanean. Arizmendi familia, berriz, baserri jardueran aritzen zen. Batez ere, barazkiak lantzen zituzten, oso erribera aberatsak baitziren Arrapidekoak. Asuncion Donostiara joaten zen egunero Tolosako tranbian, tratua eramatera. Senarrak laguntzen zion, zesterak eramaten zizkion tranbiaren geltokira, Lasarteko San Pedro elizaren aurrera. Gizona etxera bueltatzen zen gero, seme-alabekin baratzera lanera. Bi etxeetan bazen ukuilua behiekin.

Artutxarenak ziren lurrak Tejada familiarenak, Vega de Sellako kontearen ondorengoenak, dira.

Baserriaren lotutako argazkiak: