Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Barazar baserria Kalea eta Araeta baserrien artean dago Santiago elizatik hurbil. 1379an agertzen da baserri honen lehenengo aipamena, Zubieta Usurbil eta Donostia artean zatitu zen urtean alegia. Barazar oinetxea Usurbili lotua dago ordutik. 1495ean ere aipatzen da baserri honen izena. Aizpurua etxearenak ziren bi erroten salerosketa kontratuan, "Iohan de Baraza zar, señor de la casa de Baraza zar" eta "Maria de Baraza zar, señora de la casa de Baraza zar" izeneko pertsonak azaltzen dira, Barazar baserrikoak hain zuzen. Domingo de Vazaze delako jauna Luis Murugarrenek aipatzen du, Usurbilen 1499an egindako lehenengo erroldan. Beharbada, oinetxe honetakoa zen. Geroago, 1625ean, Lope Martinez de Isastik ere baserri honi erreferentzia egiten dio, Baracezar izeneko etxea aipatzen baitu. Zubietako Komunitateko partaide da; akzio laurden bat dagokio.

Mende luzeetan, Barazar izenaren aipamen asko dira. 1517an, Juan de Barazazar izenekoa auziperatua izan zen, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxiaren inguruko gatazka zela eta, hango lur eta ondasunak defendatzeagatik. Izan ere, Juan de Lasartek burdinola bat eraiki nahi izan zuen Zubietako leku horretan, baina auzia zubietarrek irabazi zuten.

Gracia de Barazain, 1520an jaioa, Juanes de Arzabaletaren alarguna zela badakigu. Lekuko da 1586ko auzi batean.

1679an, Domingo de Chipito bizi zen baserri honetan. Urte hartan, Zubietan zinpeko kargua zuen, eta 1673an eta 1674an, Zubietako Komunitateko batzarkide zen. 1689an, aldiz, Pedro de Zipito aipatzen da Komunitateko batzarkide gisa; 1705ean, 1721ean eta 1723an, ostera, Paulo de Chipito. 1724an Juan de Chipito, "dueño de la casa Baraizar menor", batzarkide zen Zubietako Komunitatean.

1774an, Jose, Felipe, Ignacio eta Francisco Ugaldek eta azken honen Geronimo semeak, kaparetasuna frogatu zuten Usurbilen. 1796an, Geronimo de Ugalde zen Barazarko jabea. 1830ean, aldiz, Jose de Ugalde.

Josefa Joakina Ugalde, Barazarko alaba maiorazka, Martin Leizaolarekin ezkondu zen 1830ean. Haien seme Frantzisko Leizaola sortzez Donostiako Loiolakoa zen Balentina Ibarbururekin ezkondu zen, eta Donostiako kalera joan ziren bizitzera. Honen anaia, Zakarias, Jesus Maria Leizaola Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aita zen. "Barazar" izengoitia erabiltzen zuen azken horrek.

Frantzisko eta Balentinak bi semeen artean zatitu zuten baserria, Luis eta Pedro Leizaola. Luisek, bere aldea, udako etxe bezala erabiltzen zuen bitartean, Pedrok maizterrak jarri zituen. Maizterrak Frantzisko Sagardia eta bere familia ziren, Urdaiagako Sañarrienea baserritik etorriak. Frantzisko Sagardiaren seme Mateo, Rafaela Intxausperekin ezkondu zen, Hernaniko Ollo baserriko alabarekin. 1992an, Rafaela 80 urterekin, oraindik bizikletan joaten zen Lasartera, bera bakarrik, erosketak egitera.

Sagardiatarrek orain dela urte batzuk erosi egin zuten etxea. 1985ean kendu zituzten bertan izaten zituzten sei edo zortzi abelburuak. Gainera, esnea eta barazkiak saltzen zituzten merkatuan. Baserri jardueran aritu ziren orain urte gutxi arte, beraz; 2000n, jatetxea eta ostatua jarri zuten arte. Luis Leizaolaren aldea, bestalde, orain dela urte gutxi saldu egin zuten.

XVI. mendeko eraikuntza da Barazar. Garai bereko dolarea zeukan eta kalitatezko zurezko egitura. XVII. mendean aurrealdetik handitu egin zuten. Maizterrek erosi zutenean, hormigoizkoa egin zuten etxebizitzetako bat, eta geroago, orain dela denbora gutxi, beste aldea ere hormigoiz egin dute. Aurrealdea bakarrik mantentzen du jatorrizkoa.

Baserriaren lotutako argazkiak: