Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietako erdigunetik hegoaldera aurkitzen da Berridi baserria, Gaztelu deitzen den muinoaren hegalean.

Zubietako eta inguruetako baserri-eraikuntzarik onenetakoa da Berridi. XVI. mendean eraikia, XVII. mendearen bukaeran osorik eraberritu zuten. XVII. mendekoak da bere zuraje paregabea, ia osorik kontserbatuak Habe, soliba eta beso ikusgarriak ditu.

Berridi abizenak etxe honetan dauka bere jatorria, nahiz eta bertan aspaldi galdua izan.

Berridi Zubietako Komunitateko partaide izan da.

Berridiren erreferentziarik aspaldikoena XIV. mendekoa da, 1379koa hain zuzen. Orduan, Zubieta Donostia eta Usurbilen artean banatu zen. Zatiketa horretan Berridiren izena aipatzen da: Berridi Donostiako aldean gelditu zen. XV. mendearen bukaeran, 1495ean dugu oinetxe honen beste aipamen bat. "Juan de Berridy, seƱor de la casa de Berridy" deituak, Zubietako beste etxe batzuetako nagusiekin batera, Aizpurua etxeari bere bi erroten erdia erosi zion. Garai berean, XV. mendearen bukaeran, Iohan de Berridi izenekoaren aipamen bat ere badago. 1517an, Juan Martin de Berridi izena ageri da auzi batean: Juan de Lasartek Oriako Itxia inguruan burdinola bat eraiki nahi izan zuen, baina Juan Martin eta beste zubietar batzuek ez zioten proiektua aurrera eramaten utzi.

1586an, lursail bat zela eta, Maese Domingo de Berridik auzi bat dauka Maese Domingo de Irigoyenekin. 1598an eta 1599an, Juanes de Berridi, Komunitateko partaidea, beste auzi batean aipatua ageri da.

1625ean, bestalde, Lope Martinez de Isastik aipatzen du "Berridi" oinetxea Usurbilen.

1663an eta 1674an, Sebastian de Berridi lekuko gisa ageri da Zubietan, garai hartan izandako bi auzitan. 1583an jaioa zen. 1674an eta 1679an ere, Juanes de Berridi beste zenbait auzitan agertzen da lekuko moduan.

1830ean, Berridi Jose Manuel de Elola bizi zen maizter. 48 urte zituen. 1869an etxearen jabea Maria Victoria Larreta zela badakigu. Tolosan bizi zen azken hori.

Berridiren jabea, 1990 arte, Elizondoko eta Iruritako Zabala familia zen. Isabel Zabalaren oinordekoak, Juan Mari Juanmartinenak, bertan bizi zen Alkorta familiari saldu zion baserria, inguruko lurren zati batekin batera. Gaur, Alkorta familia bizi da bertan, orain gutxi arte maizterra izan dena. Zabala familiak berea zuen Etxenagusi baserria ere. Berridi eta Etxenagusiren lurrek Juan Mari Juanmartinenarenak izaten segitzen dute.

Ignazio Mari Alkorta Elola, Berridiko semea, 1878an jaio zen, eta Zubietan bataiatu zuten. Beti Berridin bizitu zen. Teresa Izagirre Goikoetxeko alabarekin ezkondu zen. 12 seme-alaba izan zituzten: Martina, Bittori, Dolores, Tomasa, Maxima, Ixidro, Ignazio, Asentxio, Joxe Ramon, Juan Joxe, Joakin eta Joxe Mari.

Martina Lertxundira ezkondu zen, Joxe Ramon Zalduarekin; Tomasa Andoaingo Agerreborda baserrira; Dolores, berriz, Aizpuruko errotara. Asentxio Berridin geratu zen, Joxepa Aizpurua Agirrezabalarekin ezkondua. Josefa Alegiakoa zen. Hiru seme izan zituzten: Isidro, Joakin eta Joxe Mari. Gaur, baserrian Asentxioren anaia Joxe Mari bizi da.

Berridi baserri-jarduera handiko etxea izan da. Alkorta familiak 25-30 abelburu eduki izan ditu. Lehen esnetarako zituzten, orain haragitarako. Lehenago, idi parea ere bazuten. Neguan, artzaina etortzen zen ardiekin, Andoaingo Garate baserritik, Berridiren larreak erabiltzera. Jose Mari Artano deitzen zen artzain hura, amezketarra zen, eta Joxe Mari Alkortak kontatzen duenez, beti zaldi gainean etortzen zen, Abalotz inguruetatik Berridira.

Baserriaren lotutako argazkiak: