Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Santiago elizatik gertu dago Etxenagusi, Zubietako eskolak pasa eta berehala, inguruko baserri askotara iristeko balio duen bidegurutzearen ondoan. Hemendik joaten da Lizarraga, Etxeberriaga, Araundi, Petritza eta beste hainbat baserritara.

XIV. mendean agertzen da Etxenagusiren izena lehenengo aldiz, 1379an, Zubieta Donostia eta Usurbilen artean zatitu zen garaian. Orduan, Etxenagusi Donostia aldean geratu zen. XVI. mendearen hasieran ere aipatzen da oinetxe hau. 1518an hain zuzen, Aizpurua etxearen bi erroten erabilerarako egindako kontratuan bazkide gisa onartzen dute Etxenagusi, eta errotak erabiltzeko eskubidea bereganatzen du horrela. "Maria Miguel de Echenagusia, dueña de la casa de Echenagusia, en las mismas condiciones de los demás socios..." agertzen da idatzita Zubietako Komunitateko dokumentu batean. Ordutik, Etxenagusi Komunitateko partaidea da. Agiri hura Usurbilgo "Sant Salvador" parroki-elizan izenpetu zen, Martin de Lasarte, Usurbilgo alkatea, lekuko zela. Idazkaria Antonio de Achega zen.

Luis Murugarren historialariak dioenez, Juango de Echenagusia urteko Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan (1499) azaltzen da.

1586an, Ramus de Echenagusia zen Etxenagusi oinetxeko jabea. Anton de Echenagusia aitarengandik jaso zuen jabetza. Lehenagoko jabea Ramusen amona izan zen, Maria Miguel de Echenagusia. Ramusen emaztea Maria Perez de Arzabaleta zen.

1586an Domingo de Echenagusia Irigoyenen aipamen bat egiten da auzi batean. Zera esaten du: "la casa de Echenagusia de mi abolengo y tronco...". Bere aitona Juan de Hechenagusia zen; aita, berriz, Domingo de Hechenagusia. Ramus de Echenagusiaren lehengusua zen.

Urte berean, 1586an, Maria Perez de Echenagusia izena ere agertzen da. Domingo de Echenagusiaren arreba zen; senarra, berriz, Domingo de Soroa y Berridi zuen.

1600ean, Alonso de Idiaquez, Atxegako dorreko jauna, Maria de Echenagusiarekin ezkondu zen. Atxegako etxekoandrea "andere nagusia" deitua azaltzen da ezkontza liburuetan.

1625ean, Lope Martinez de Isastik ere aipatzen du "Echenagusia" deitutako oinetxea, Compendio Historial de Guipúzcoa liburuan.

1645ean, Alonso de Echenagusia eta haren arreba Magdalena Usurbilgo auzotarren aipamen bat dago. Seguru asko etxe honetakoak zituzten arbasoak. 1666an, Baltasar de Echenagusia izenekoa, Usurbilgo herriko probestua zen, eta 1681ean, Baltasar de Echenagusiaren aipamen bat ageri da berriro Zubietako auzi batean. 1619an jaioa zen.

1869an, baserriaren jabea Maria Victoria Larreta tolosarra zen.

Orain dela gutxi arte, Baztango Elizondoko Isabel Zabalaren ondorengoak ziren baserriaren nagusi. Isabel Zabalarenak ziren Etxenagusi eta Berridi baserriak. Biak batera saldu zizkieten bertan maizter bizi ziren familiei.

Etxenagusin Mendizabal familia bizi da gaur. Jose Anjel Mendizabal Gorrotxategi, baserri honetako semea, Juana Arregi Aranbururekin ezkondu zen, 1920 aldera. Juana Zuastin bizi zen, baina Puelazarreko alaba zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Piedad, Daniel, Joxepa, Luix eta Mari Karmen. Zortzi-hamar behi izaten zituzten ukuiluan. Egunero 30-40 litro esne hartu, marmitak astoan kargatu, fruta eta babarruna buru gainean jarri, eta Txaparreneko geltokira joaten ziren Etxenagusikoak. Han trena hartu, eta Amaran etxez etxe partitzen zuten esnea, Mari Karmenek kontatzen duenez. 1980 aldera kendu zituzten behiak.

Baserriaren lotutako argazkiak: