Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietaren zatiketaren urtean, 1379an, aipatzen da lehengo aldiz baserri honen izena. Goiaran Donostiako aldean gelditu zen orduan. Baserria 1418 inguruan bazela badakigu. Goia abizena etxe honetakoa da, antzinako agirien aipamenetan ikusiko dugun bezalaxe: 1495ean, adibidez, Iohan de Goya izena agertzen da dokumentu batean. 1598an, Juanes de Goya zen jabea; Zubietako Komunitateko auzi batean ageri den izena da. 1599an, berriz, Zubietako Donostia aldeko zinpeko buru gisa agertzen da. 1652an, Juanes de Goyaz da Goiaran etxearen jabe. 1625eko bere lanean, Lope Martinez de Isastik Goiaren izeneko baserria aipatzen du, Usurbilgo oinetxe gisa.

1679, 1689, 1702 eta 1705 urteetan, Juan de Goya Komunitateko batzarkide izan da. 1723an eta 1724an, izan ziren auzietan agertzen da. 1689an, aldiz, zinpeko buru izan zen. 1796an eta 1829an, Juan Jose de Goya izena zuen Goiaran baserriko jabeak. 1762an jaioa zen. 1869an, aldiz, Francisco Ignacio Goia zen jabea. 1875ean Juan Jose Goia (antza denez, lehengoaren semea) baztanga gaixotasunak jota hil zela dakigu. Urte hartan Zubietako alkatea zen. Goiaran beti Zubietako Komunitateko partaide izan da.

Gaurko Goiaran baserria XIX. mendeko eraikina da. Antzinako Goiaran oinetxea hegoalderago zegoen, oraingoa baino leku altuago batean, Goikoetxea baserriaren parean, Berridira zihoan bide zaharraren ondoan. Ikus daiteke oraindik etxe zaharraren orubea. Dirudienez erre egin zen, eta gaur aurkitzen den lekuan berreraiki zuten. 1869ko Zubietako plano zahar batean, oraindik antzinako kokapenean aurkitzen da marraztua. Hasiera batean, familia bakarreko etxea zenez, jabe bakarra zuen, Anbroxio Zatarain Urdaiagako Torrekoa. Aspaldi, bi etxebizitzatan banatu zuten ordea, eta bi familia maizter bizi ziren. Gaur, maizter ziren familiek, Zubitur eta Amas familiek, erosia dute baserria.

Mendebaleko etxebizitzan, Zubitur familia bizi izan da aspalditik. Gaurko nagusi Migel Mari Zubiturren aitona, Narziso, Errezildik etorria zen eta Etxetxoko alaba Gregori Salsamendi Aizpuruarekin ezkondu zen, eta Goiaranen jarri ziren maizter. Migel Mariren aita, berriz, Juan, Artzabaletaaundin jaioa zen. Dolores Zestau zuen emaztea, Leitzako Gorritienea baserriko alaba. Hiruzpalau behi edukitzen zituzten baserrian. Dolores Lasartera joan ohi zen egunero esnea saltzera, eskuko gurditxo txiki batekin. Gaur ez dute jarraitzen baserri lanean.

Egutera aldean, Amas-Ugalde familia bizi da, sortzez Aiakoa, baina aspalditik Zubietan ageri dena: 1842an, izan ere, Fermin Amas eta Maria Josefa Iparragirre izeneko senar-emazteak Zubietan bizi zirela dakigu. Blas Amas Zubietako Lertxundi baserrian jaio zen, eta geroago Txakurtxulon bizi, Lertxundi salgai jarri baitzuten. 1931n, Goiarana pasa ziren bizitzera. Blas Hernaniko Jauregi baserriko alaba zen Higinia Ugalderekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Rosario, Blas eta Juan Bautista. Gaur, Maria Rosariok eta Juan Bautistak baserri lanean jarraitzen dute Goiaranen.

Baserriaren lotutako argazkiak: