Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietako erriberetan dago, mendialdea hasten den lekuan, Petritza eta Zuasti artean.

1379an aurkitzen dugu baserri honen lehenengo erreferentzia. Zubieta Donostia eta Usurbilen artean banatu zen urtean, Lertxundi Usurbilgo partean geratu zen. Geroago, 1413an, Donna Maria Martin de Lersundia aipatzen da; Martin Gonzalez de Achegaren, Irurubietako jabearen iloba zen. Urte berean jaioa zen Pero Martin de Lersundi, Zubietan bizi zena. Atxegako jauna eta Irurubieta familiaren arteko 1508ko auzi batean ageri da.

1495ean ere agertzen da etxe honen izena, Zubietako Komunitatearen dokumentu batean: "Iohango de Lerchundy, señor de la casa de Lerchundy..." aipatzen da agiri horretan. Beti izan da Komunitateko partaide.

Juango de Lerchundi Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan agertzen da 1499an.

1625ean, Lope Martinez de Isastik "Lersundi" oinetxearen aipamena egiten du, Usurbilen.

1704an, Juan de Zugasti, olagizona lanbidez, eta Ana de Allurralde emaztea Lertxundiko jabeak ziren.

Hasierako oinetxea aspaldi zatitu zen hiru etxebizitzatan. 1724an, dagoeneko Lertxundi zatitua zegoen, eta bi jabe zituen: Juan de Goya eta Miguel Antonio de Zugasti. 1827an, Xabiera de Arizmendi eta Juana Bautista de Arizmendi ziren jabeak. 1869an, Lertxundiko jabea Urnietako Juana Josefa Belaunzaran zen.

Baserri handi honen eraikinak garai ezberdinetako elementuak ditu: XVI. mendeko dolare-habeak eta dolare zorua, XVII. mendeko zenbait zur eta habe, eta XVIII. mendeko kalitate bikaineko egitura nagusia.

Baserriaren hegoaldean Zaldua sendia bizi da. Joxe Migel Zaldua 1870 aldera jaio zen Lertxundin, emaztea Juliana Urdanpilleta Urdanpilleta zuen, Goiatz herriko Alkortaenea baserrian jaioa. Lau seme-alaba izan zituzten, eta haietatik Joxe Ramon Zaldua Urdanpilleta semea gelditu zen maiorazko. Beste seme bat, Jesus, Ugartetxiki baserrira joan zen. Alaba Katalina ezkondu gabe gelditu zen. Maria, berriz, Usurbilgo Ugartera ezkondu zen. Lertxundiko maiorazkoa, Joxe Ramon, Martina Alkorta Izagirrerekin ezkondu zen. Zortzi seme-alabaren gurasoak izan ziren. Migel, zaharrena, gelditu zen maiorazko, Maria Zuriarrain Aiestaran errenteriarrarekin ezkondua. Beste anai-arrebak, Maria Teresa, Ignazio, Ixidro, Imanol, Miren, Asentxio eta Maria Ixabel ziren. Maria Teresa Aizpuruara ezkondu zen, eta Imanol Alamandegizarrera. Beste guztiek kalerako bidea hartu zuten. Gaurko nagusi Migel eta Mariak baserri jardueran jarraitzen dute, sei-zortzi esne behirekin. Esnea Lasarteko kalean saltzen dute, orain dela 37 urtetik hona, eta saltzen ez dena esne zentralari ematen diote.

Lertxundiko iparrekialdearen nagusia Saturnino Zaldua zen. Horri Ignazio Zalduak erosi zion, eta bost etxebizitza egin zituzten bertan. Saturnino Zaldua ezkongabea zen, eta bera bizi zen artean baserri jarduera jarraitu zuen.

Azkenik, baserri handi honetako iparmendebaleko aldean Domingo Oiartzabal gizon alarguna bakarrik bizi da. Domingo Andoaingo Idiazabaltxiki baserrian jaioa da. Bere anaia Jose, Idiazabaltxiki baserria erre zenean, bertan hil zen. Karmen Arana Ormazabal Lertxundiko alabarekin ezkondu zen. Aranatarrak Goierriko Gabiritik etorriak ziren. Domingo eta Karmenek alaba bakar bat hazi zuten. Bospasei buru izan dituzte, eta baserriko lanean aritu dira beti. Orain dela gutxi, Domingok Iñaki Aizpurua Aizpuruko jabeari saldu dio baserria.

Baserriaren lotutako argazkiak: