Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietako erriberen bukaera aldean, mendialdea hasten den lekuan, aurkitzen da Petritza, Lertxundi eta Arbitza baserrien artean. Antzinako dokumentu gehienetan Petriarza izenarekin agertzen da.

Petritza izeneko baserriaren aipamen antzinakoena 1379koa da. Izan ere, Zubietako oinetxeen lehenengo aipamenak garai horretakoak dira, urte horretan Zubieta Donostia eta Usurbilen artean zatitu baitzen. Petritza Donostiako aldean gelditu zen. 1495ean ere agertzen dira Petritza baserriaren erreferentzia batzuk. Garai hartan, Pedro de Petrieza izenekoa zen izen bereko etxeko jauna.

1517an, Juan Perez de Petriarza izenekoa aipatzen da agiri batean, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruko lur eta ondasunen inguruko gatazka bat dela eta. 1560an Miguel de Petriarza jaio zela badakigu; baserriko maiorazko eta jabea zen. Petriarza baserrian bertan hil zen 1620an.

1566an, Miguel de Petriarça izeneko beste pertsona baten berri daukagu: Petriartzako ondorengoa zen, eta Donostian auzotasuna zuen. 1598an eta 1599an Juanes de Petriartza, Petritzako maiorazkoa eta jabea, eta Zubietako Komunitateko partaidea, aipatzen da auzi batean. 1548an, Petritzan jaioa zen, eta bertan hil zen 1632an. Miguelen seme eta oinordekoa zen.

1615ean, Madalena eta Catalina de Petriarça San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatu ziren.

1625ean, bestalde, Lope Martinez de Isastik Petriarça izenaz aipatzen du baserri hau.

1629an, Petritzako alaba zen Maria de Petriarça Aginagako Mitxelkoneko etxekoandrea zen; senarra Sanjuan de Urrezmendi zen.

Petritza baserria Zubietako Komunitateko partaide izan da beti. Honela, 1663an, 1673an eta 1679an, Francisco de Aizpurua Petriarça Zubietako Komunitateko batzarkide gisa ageri da. Beste erreferentzia bat 1680an aurkitzen dugu: urte horretan, Juanes de Petriarza izeneko lekuko bat aipatzen da auzi batean. Donostian bizi zen, baina 1608an Zubietan jaioa zen, eta bertan bizi izan zen 1648 arte. Juanesen semea zen.

1689an, Juanes de Aizpurua Petriarza zen oinetxe honetako jabea. Maria Josepha de Zatarain zuen emaztea, Irigoiengo Juanes de Zatarainen alaba. Juanes de Aizpurua Zubietako aguazila zen. 1725ean, zinpeko buru kargua zuen.

1796ko Zubietako zinpeko burua Juan Miguel de Zatarain Petriarza deitzen zen.

1869an, Irigoiengo Domingo de Zatarain zen baserriaren jabea. 1875ean, Petritza baserrian maizterrak bizi ziren.

Hasiera batean etxebizitza bakarreko baserria zen, eta XVII. mendean bitan zatitu zuten. Lurrak, hala ere, hiru zatitan banatu zituzten. Hirugarren lur zati horretan Petritzaberri eraiki zuten. Petritzaren hiru zatien jabe Zulaika-Astiazaran Donostiako familia zen. Petritza zaharrean bi familia bizi ziren maizter, eta gaur ere halaxe bizi dira: Goenaga eta Pikabea familiak. Pikabea familiaren aldeak Zulaika-Astiazaranena izaten jarraitzen du; Goenaga familiak, aldiz, orain gutxi erosi zuen bere zatia.

Petritza XVI. mendeko eraikuntza da. Garai hartako habe eta soliba handiak gorde ditu. Bi etxebizitzen arteko banaketa XVII. mendean egina da, oholen bidez.

Ebaristo Pikabea da bertako baserritarra. Pikabeatarrek Aginagan dute sorleku., Aginagako Ezpaldi baserrian jaioa da. Ebaristoren aita, Tiburtzio Pikabea, Aginagakoa zen, Mapillerreka baserrikoa. Bere ama, berriz, Dolores Sarasola Arriaga, Donostiako Irubide ondoan zegoen Puntta baserrian jaioa zen. Txiki-txikia zela Aginagara ekarri zuten Dolores, Perratzenea baserrira. Ebaristo, 1965ean, Juliana Zaldua Urdanpilletarekin ezkondu zen. Juliana Petritzan jaioa da. Julianaren aita Jesus Zaldua zen, Zubietako Lertxundi baserriko semea, eta ama, berriz, Teresa Urdanpilleta Ariztimuño, Petritzako alaba. Lasarten jarri ziren bizitzen, eta bost urte geroago, Petritzara etorri ziren bizitzera, 1970ean. Ordutik bertan bizi dira.

Goenaga familia XIX. mendearen hasieratik gutxienez bizi da Petritzan. 1858ko maiatzaren 2an bataiatu zuten Zubietako elizan Manuel Joxe Goenaga, Frantziska Arrutiren semea. Manuel Joxe Petritzako semea zen, eta ama aiarra. Manuel Joxe, Lorenza Orbegozorekin ezkondu zen, Aiakoa hori ere. Etxean, horien seme Juan Mari gelditu zen, 1899an jaioa. Juan Mari, Maria Zelaia Bereziartuarekin ezkondu zen, nafarra, Aresokoa. Hiru seme izan zituzten, baina bi garrotillo gaixotasunak jota hil ziren. Izan ere, garrotilloa eztarriko gaitz larria eta hilgarria zen garai hartan. Geratu zen seme bakarra, Joxe Kruz Goenaga, Maria Jesus Izagirre Iturbe Asteasuko Intsusagagoikoa baserriko alabarekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba dituzte. Baserriaren jabeak dira, lehengo jabeei erosi ondoren. Orain dela urte gutxi arte, maizterrak ziren.

Goenaga familiaren aldeak su hartu zuen 1959ko abuztuaren 29an. Etxearen zati bat erre zen orduan, eta hori dela eta, berrikuntza lanak egin zituzten baserrian.

Petritzako bi baserrietan abelzaintzan aritzen dira. Gaur, 10-12 behi dituzte bi etxeen artean. Garai batean, tratua eta esnea eramatera joaten ziren Donostiara

Baserriaren lotutako argazkiak: