Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Prostuetxe Donostiari dagokion kale-baserri txiki bat da. Zubietako Erreboteko plazan bertan dago. Probestu edo aguazilaren etxea izateko eraiki zen. "Torillo" ere deitu izan zaio, etxe honetan edukitzen omen zituztelako jaietarako zezenak. 1869ko Zubietako plano zahar batean, "Torillekua" izenarekin agertzen da etxe hau. "Torillo" izena, Joxe Ramon Zubimendik Zubieta, mila urteko herria liburuan dioenez, inondik ere bertan zezenen parada zegoelako zetorkion. Etxe honetara ekartzen zituzten behi susak zezenak estaltzeko. Hala ere, Zubietan ez da gordetzen Prostuetxeko paradaz oroitzapenik.

Aspaldi, Zubietako Komunitatearen jabetzakoa izan zen. Gaur, Madrilen bizi den Donostiako Tejada familiarena da.

Prostuetxen Amunarriz familia bizi izan zen 1925 arte. Bertan taberna zeukaten, eta pentsua ere saltzen zuten inguruko baserritarrentzat. Amunarriztarrek alde egin zutenean, Asentxio Iparragirre etorri zen Prostuetxera.

Asentxio Iparragirre, 1904an Txikierdiko Zapatari baserrian jaioa, sei hilabeterekin Barrenetxegoikora ekarri zuten. Goikoetxeko alaba zen Martina Izagirrerekin ezkondu zen, eta Prostuetxen bizitzen jarri ziren. Bi behi eta astoa zituzten. Prostuetxek ez du lurrik, eta lurrak errentan hartzen zituzten. Asentxiok tren-errailean (trenbidean) lan egin zuen bere bizitza guztian. Zahartu zenean, behiak kendu zituzten, 1970 aldera. Gaur, baserri-jarduerarik gabeko etxea da, eta Arregi familia bizi da.

Baserriaren lotutako argazkiak: