Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Tellerikoa Arrapideko erriberetan dago, Lasartera joateko zubitik gertu. Arrapideko erriberen zati handiena Hipodromoak hartzen du gaur. Ez zen baserri izateko egin, teilak eta adreiluak egiteko lekua izateko baizik. Lehenago, beraz, teileria edo teilagintzarako lantegi izana da. Etxe honetan jaioa den Dolores Aranburuk ezagutu zuen horretarako labe bat etxe ondoan. Telleri deitzen dio inguruko jendeak. Zubietako Komunitateak eraiki zuen, herrian egiten ziren eraikuntza lanak teila eta adreiluz hornitzeko.

1704an, Zubietan izan zen auzi batean, lekuko batek aipatzen du etxe hau, orduko agiri batean jasota dagoenez: "...la casa de Texería, que oy es de dicha comunidad, sus ynquilinos...". Urte hartan, Martin de Artusa zen Tellerikoko maizterra. Artutxa baserriko Martin de Artutxa zaharraren iloba zen. Haren emaztea Maria de Arrueta zen, ezkondu aurretik Artzabaletan bizi izana.

1862-1865ean Donostiako Udalak egin zuen etxe izenen erregistroan, "Tejeria" izena aipatzen da, Zubietan. 1862ko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa delako baserri zerrendan ere berdin agertzen da. "Fábrica de tejas de Zubieta" ere irakur daiteke zenbait agiritan.

XIX. mendearen erdialdea pasata, betidanik Zubietako Komunitatearen jabetzakoa izan zena, saldu egin zuten; dirudienez 1869 inguruan. Eroslea Jose Maria Aizpurua izan zen. 1875 bukaeran eta 1876 hasieran, hirugarren karlista gerra garaian, Zubietako teilerian adreilu eta teilak egin ziren zenbait gotorleku eta eraikuntza militar hornitzeko. Soldaduak ibiltzen ziren teilak egiten, eta Jose Maria Aizpurua jabeari errenta ordaintzen zioten teileriko instalazioak erabiltzeagatik.

Aranburu-Arriaran sendia bizi zen baserri honetan. Joxe Ignazio Aranburu, Puelako semea, Tellerikora ezkondu zen Karmen Arriaran baserriko alabarekin. Hamabi seme-alaba izan zituzten. Horietatik zazpik Ameriketara emigratu zuten. Etxean Martzelino Aranburu semea gelditu zen. Dolores Martzelinoren alaba, ondoko etxe txiki batean bizi da orain.

12-14 buru, txerria eta idia izaten zituzten. Sagastia ere bazuten Karobiaundi deitutako lekuan, oso sagasti ona eta emankorra. Sagarra Lasarteko Etxetxuri edo Labakanean jotzen zuten, sagardoa egiteko. Urtean, normalean, 100 bat karga sagar biltzen zituzten. Sagardoa etxean saltzen zieten bertara etortzen ziren bezeroei.

Aranburutarrak maizterrak ziren. Nagusia Mariano Lasarte zen, Donostiako garraiolari ezaguna.

Dolores gogoratzen da 1936ko gerrako pasarte batez. Milizianoek Hipodromoko zubian hiru karga dinamita jarri zituzten, Tellerikokoei noiz lehertuko zen abisatuko zutela esanez, baina abisatu gabe alde egin zuten presaka, faxistak etorri zirenean. Bitartean, Tellerikokoak etxean lotan zeuden lasai. Zubian jarritako kargaren leherketarekin esnatu ziren.

Gertaera hartatik hainbat urtetara, Joxe Dorronsoro Lazkaoko harginak erosi zuen Tellerikoa, eta baserrian jarri zen bizitzen emazte Juanita Urangarekin. Bost seme-alaba izan zituzten. Gero, Juanita, alarguna, Tellerikoako etxekoandrea bizitu zen bertan.

Azken urtean, Dorronsoro-Uranga familiak saldu egin du Tellerikoa; Jesus Arrillaga Balda eta bere emazte Belen Beloki Zubiriak erosi dute eta bertan bizi dira.

Baserriaren lotutako argazkiak: