Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aranburu baserria Urkamenditik hegomendebalera aurkitzen da, Intxuspe eta Lasao erreken arteko gainean. 1831n, Luis Murugarren historialariak "Imindos Nuevo" deitzen zen etxe bat aipatzen du, Aginagan kokatua. 1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan Aranburu baserriaren izena agertzen da; udaletxetik 2.100 metrora dago. Berriz ere, 1889an aipatua da beste zerrenda batzuetan.

1921ean Jauregi Arandia familia etorri zen Aranburura Altzoko Iriarte baserritik. Nikasio Jauregi Arandia, Bedaiokoa sortzez, Nafarroako Baraibar herrikoa zen Joakina Iribarren Guruzeagarekin ezkondua zegoen, eta aipatutako urte horretan Aranburu erosi eta bertan jarri ziren bizitzen. Sei seme-alaba izan zituzten: Joxe Antonio, Isabel, Joxe Mari, Joakina, Juana eta Juan. Urte latzak izan ziren 1936a eta hurrengoak: etxean jatekorik ez, eta Isabelek eta bere anai Joxe Mari eta Juanek Argentinara emigratu zuten. Ohitura zenez, Joxe Antonio seme zaharrenak hartu zuen maiorazkoa. Baserrian jarraitu zuen lanean, eta Josepa Gomendio Altunarekin ezkondu zen, Amezketako Ugalde baserriko alabarekin. 1939a zen, eta ordurako Joxe Antoniok 40 urte beteak zituen, Urkamendi alderako bide berria zabaldu zutenean. Bide zaharra, Intxuspeko errekatik gora, Ibindoseko ataritik pasata zen. Aranburu, ordura arte, mendi-mendian egon zen, errepiderik gabe. Bestalde, 1948an, argi indarra sartu zen, Arozenaren elektrika etxeak egin zuen zen linearen bidez .

Joxe Antoniok eta Joxepak sei seme-alaba izan zituzten: Maria Josefa, Joakina, Tiburtzio, Joxe Frantzisko, Maria Angeles eta Agustina.

Aranburu, baserri pobrea zen, eta lurrak oso malkartsuak zituen. Garai hartan, bospasei abelburu izaten zituzten ukuiluan. Egunean, bataz beste, 25 litro esne eramaten zituzten zaldi-karroan, egunero, Donostiako Antiguara.

1973an, bertako familiak kaleko bidea hartu zuen, Frantzisko Miangolarra eta Itziar Mintegiri baserria salduta.

1995ean, baserria hutsa gelditu zen, eta jabeek salgai jarri zutenean, Usurbilgo Errekondo familiak erosi zuen. Azken urteotan, Aranburu baserri zaharra osorik berregina izan da.

Baserriaren lotutako argazkiak: