Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Gaurko Errazti eta Soroa baserrien artean omen zegoen Arpidegi baserri zaharra. 1815 eta 1820 artean, etxe hura erre egin omen zen, eta baserri berria egin zuten gaur dagoen lekuan. 1897an berriro erre zenean, berreraiki egin zuten etxea. Floreaga izenarekin azaltzen da jabetza-eskrituretan, eta Ezkerrenea izengoitiarekin ere ezagutzen da. Beste dokumentu batean ere aipatzen da Floreaga etxea, 1829an. Ezkerrenea, Iarbe baserriaren ondoan dagoen Ezkerrenea etxetik dator. "Ezkerra" ezizena zuen gizon bat Ezkerrenea baserritik Arpidegira etorri zen bizitzera, aspaldi.

Juan Maria Olazabal eta bere emazte Soledad Altube ziren lehengo jabeak. Baserri honetaz gainera, berenak ziren ondoan dauden Soroa eta Etxebeste ere. Arpidegi Aginagako Komunitateko partaide da.

Ugari dira etxe honen izenaren antzinako aipamenak:

1499an Juan de Arpidegui aipatzen da Usurbilen egin zen aurreneko erroldan.

1574an, Domingo de Lerchundi eta bere emazte Gracia de Arpidegui ziren jabeak. Urte horretan bertan, Arpidegiko ondasunen artean bi gaztaindi aipatzen dira: "Urrezti" eta "Yarbe".

1642an, Arpidegi etxeak bi dukat eman zituen erregearentzat Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta. Dirudienez, Joanes de Arpidegi zen jabea, eta honek "donativo graçiosso" deitzen zen zerga moduan, beste dukat bat eman zuen.

1646an, Joanes de Arpidegui errotaria aipatzen da: Orreagako kalonjeek errotari hau salatu zuten Irisasitik zuhaitzak eta egurra atera zituelako.

Aranburu-Alkorta sendia bizi da gaur egun Arpidegin. Baserri honetan jaioa zen Angela Gaztañaga Pagola. Joxe Manuel Aranburu Zubiria Daldagorriko semearekin ezkondu zen, eta Arpidegin bizitzen jarri ziren. Hamar seme-alabaren gurasoak izan ziren. Zaharrena, Isabel, "aingerutxo" zela hil zen. Benito, Andres, Florentino, Domingo (hau ere "aingerutxo" hila), Joxe, Manuela, Manuel, Frantzisko eta Maria Ester. Benito, zaharrena, maiorazko gelditu zen baserrian eta gaur bera da etxeko aitona. Benito, Josepa Alkorta Larburukin ezkondua da. Josepa Uriberritik Arpidegira ezkondu zen. Etzabalen jaioa zen, eta Iarben bizitu ondoren, Uriberrira joan zen. Benito eta Josepa zortzi seme-alabaren gurasoak izan dira.

Bospasei behi izaten ziren Arpidegin 1989an kendu zituzten arte. Gaur egun, Benito aita eta bere semerik gazteena den Joxek jarraitzen dute baserri lanarekin. Erriberak lantzen dituzte -golde bat lur- eta urtero etxerako babarrun, ilarra, patata, piperra... eta baratzegintza egiten dute. Gaur, oraindik, Benito Aranburuk jarraitzen du alarekin angulen arrantzan, eta bide batez ala erabiltzen du errioaren beste aldetik, Arroarro, Ugarte eta Lezkai parajetatik, sagarra, intxaurra eta abar ekartzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: