Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aitzondoaren magalean, Oria ibaira begira, leku ezin hobean kokatzen da Arrillagaaundi baserria. Oinplano karratukoa da, lau hormak harriz eta manposteriaz eginak ditu, bi solairu eta ganbara, eta hiru ur-isuriko teilatua. Zurezko egitura bikaina dauka. Beheko solairuan, harlanduzko habe karratuen gainean zurezko habeak altxatzen dira, teilaturainoko pieza bakarrekoak. Tartean, txinela eta besoekin indartutako soliboek, eraikuntzari proportzio eta batasun perfektua ematen diote. Zurezko elementu guztiak zenbaki erromatarrekin markatuak daude. Ganbaran, bi habetan, irazkia egiteko zirientzako zuloak ageri dira (gero ehundegirako haria egiteko). Ganbaran ere, eta gain-hagaren azpiko habean, ipararraldeko fatxadan, maskaroi bat dago, "año 1740" idatzita duela. Gaur, Arrillagaaundi monumentua da, Ondasun Kultural Kalifikatua.

Aginagako Komunitateko partaidea da.

Arrillaga izenaren aspaldiko erreferentziak baditugu:

1499an, Aginagako Juan de Arrillaga aipatzen da, Usurbilen egin zen aurreneko erroldan.

1625ean Lope Martinez de Isastik "Arrillaga" izeneko oinetxe bakarra aipatzen du Aginagan. Urte haietan baziren bi Arrillaga, Haundi eta Txiki.

1642an, "Arrillaga de Suso" etxeak lau dukat eman zituen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusien agindua betetzeko. "Donativo graçiosso" deitzen zitzaion emaitza hari.

1822an eta 1864an "Arrillaga Mayor" izena aipatzen da zenbait izen zerrendatan.

Lehengo jabeak Ignazio Azurmendi eta Josefa Aizpuru errezildarrak ziren. Hauek, Urretabizkaia familiari erosia zioten, seguru asko XX. mendearen hasieran. Azurmendi-Aizpuru senar-emazteek Intxaurreta ondoan "Naigenduena" deitzen den etxe berri bat egin zuten, eta bertan bizi dira gaur.

Salsamendi familia 1955ean etorri zen hona, hasieran maizter, baina handik urte gutxitara, 1958an, erosi egin zuten baserria 450.000 pezetaren truke. Remigio Salsamendi Bengoetxea Arburukoa zen, eta emaztea Josefa Ignazia Lizaso Salsamendi zuen, Tellegindegikoa. Ezkonduta, Zubietako Kalea baserrian jarri ziren maizter, eta bertan jaio ziren beren bost seme-alaba: Dolores, Joxe ("aingerutxo" hil zen bi hilabeterekin), Damaso, Tomas eta Gabino. Semeen osasunarentzat Zubietako airea ona ez zela zirudienez, Arrate baserrira aldatu ziren. Han beste bost seme-alaba izan zituzten: Klotilde -zeinaren amandrea Klotilde Urretabizkaia zen-, lehen jabe izandakoa Arrillagaaundiko Juanita, Ignazio, Maritxu eta Luix Mari. Gero, Arrillagaaundira aldatu zen familia osoa. Tomas gelditu zen maiorazko etxean. Haren emaztea Arantxa Esnal Iruretagoiena da, Arrillagatxikiko alaba. Gaur, Arrillagaaundin baserri tradizionalaren jarduera mantentzen da; 22 larre behi eta 55 ardi dituzte ehun golde dituen etxe honetan.

Baserriaren lotutako argazkiak: