Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Intxaurretatik iparrekialdera Arrillagaaundira doan herri-bide zaharraren ondoan, Oria ibai aldera amiltzeko gisako leku aldapatsu batean aurkitzen da. Arrillagaazpi deitzen da jabetza-eskrituretan, baina kasu bitxi honetan, leku malkartsua dela eta, izena aldatu egin dio jendeak, denek "Aldapa" deitzen baitiote. Eraikuntza XVIII. edo XIX. mendekoa da. Badirudi Sariako edo Arrillagaaundiko dependentzia edo lantegi gisa sortu zela, Aldapako semea den Joxe Maria Izagirrek dioenez. Luis Murugarren historialariaren arabera, aipatu herri-bidea Sariatik Arrillagara zihoan. 1601ean konpondu zuten bide hau.

Maria Josefa eta Joxe Maria Makazaga Kamino anai-arrebak bizi ziren baserri honetan. Ondorengorik gabe, Aginagako Irigointxozarretik Ramona Pagola Kamino iloba ekarri zuten Aldapara, 13-14 urteko neskatila zela, eta huraxe gelditu zen maiorazka bezala. Ramona emagin lanean aritu zen, inguruko etxe guztietako haurrak jaiotzen lagunduz. Zarauzko Galtzara edo Bentakoa zen Antonio Aranguren Manterolarekin ezkondu zen. Sariagoikoetxetik etorri zen Antonio, bertan morroi baitzegoen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Angela, Isabel eta Manuel. Angela maiorazka gaztea gelditu zen baserrian, Isabel moja sartu zen Donostian, eta Manuel, berriz, fraide Arantzazun. Angela, Jeronimo Izagirre Ibargurenekin ezkondu zen. Jeronimo Urtetako Gurmendi baserri ederreko semea zen, eta kasualitatez, Sariagoikoetxera etorri zen morroi bera ere, bere aitaginarreba etorri zen baserri berera.

Jeronimo eta Angela senar-emazteek sei seme-alaba izan dituzte. Joxe Mari semeak dioenez, litekeena da baserri hau ontziola baten eranskin bat izatea. Izan ere, orain 30 urte ganbaran aldaketak egin zituztenean, etxearen hormetan txalupen kostilak ziruditen neurriak eta planoak markatuak zeuden. Aldapan behi gutxi izan dituzte, terreno gutxiko baserria baita. Bazuten Itzaon erribera bat, eta etxe azpiko alatokira edo alunera belar sorta ekarri, eta maldatik igotzen zuten etxeraino. Aldapatik astean behin joaten ziren Donostiara, angulak izanez gero; oinez jakina, batzuetan abereekin, angulak buruan hartu, eta arrandegira; batzuetan Artikulatik, eta besteetan Arratzaindik Ibaetan zehar.

Baserriaren lotutako argazkiak: