Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Frantzisko elizatik hurbil, Aginagako erribera oparoen gainean dago Eizaazpi baserria. Ikutzanea izenarekin ezagutzen da iparraldeko etxe erdia, beste erdiari, berriz, Asentxioenea. Oinetxe zaharraren aztarnarik ez du ageri. Gaurko eraikuntza XIX. mendearen erdi aldekoa da. Aginagako Komunitateko partaide da.

1573an Maria de Albia alarguna, "Hiça de Yuso"ko jabea zen.

Donostiako Artigako Lugaritz oinetxeko jauna eta maiorazkoa Miguel de Zelarain Lugariz zen, 1588an jaioa. Sortzez usurbildarra zen Maria de Eiza Lasarterekin ezkondu zen, Francisco de Eiza Lasarteren alaba zenarekin, hain zuzen.

1642an Francisco de Lasarte Eizak Gipuzkoako Batzar Nagusien aginduz, hiru dukat eman zituen erregearentzat.

Gaur, bi etxebizitzako baserria da. Hegoekialdean Asentxioenean Amunarriz-Alsua familia bizi da. Beste aldean, berriz, Ikutzanean Zubeldia-Bustamante sendia. Manuel Jose Alsua Eizaazpiko semea, Illunbeko Juana Lertxundirekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Asentxio, Eleuterio eta Estefania. Eleuterio, soltero, baserrian gelditu zen. Estefania, aldiz, Gomeztegira ezkondu zen, Perretzeneko seme Manuel Joxe Azpirozekin. Asentxio, azkenik, Josefa Antonia Azpirozekin ezkondu zen. Maria Pilar Alsua Azpiroz, Asentxio eta Josefa Antonia alaba da gaurko etxekoandrea, Eizaazpira ezkondua Antonio Amonarriz Irazustarekin, Larraulgo Gorotzen baserriko semea denarekin, eta bi seme dituzte. Sei behi eta idi parea izaten ziren etxe honetan. 1995 aldean behiak kendu zituzten, eta egun baratzegintzan jarraitzen dute.

Eizaazpiko iparraldeko etxebizitzan Iturri familia bizi zen. Praxku Iturri aiarrak Juanita Ikuza zuen emaztea, Eizaazpikoko alaba hain zuzen. Bost seme-alaba izan zituzten. Baserrian behi bat edo bazuten. Baserritik alde egin zutenean, Usurbilgo Gaztañaga baserritik Txema Zubeldia eta Marian Bustamante bikote gaztea etorri zen eta hauek ez dute baserri jarduerarik jarraitu. Amonarriz-Alsua familiak 1996an erosi zion etxea Zatarain familiari haren lursailekin, aldiz, beste etxeak Zatarain familiarena izaten jarraitzen du.

Baserriaren lotutako argazkiak: