Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Etxebeste Arpidegi eta Etxeberri baserrien artean dago, errepide nagusiaren ondoan, Aginagako erdigunean.

Oinplano errektangularreko etxea da, hiru solairukoa, harri eta manposteriaz egina eta bi ur-isuritako teilatuarekin.

Gaurko Etxebeste baserria XVI. mendean eraikia da. XVIII. mendearen bukaeran (1764 urtean) berregina izan zen. Etxe honek mantentzen duen jatorrizko zurezko egitura aipatutako bi mende horietan egina da.

Etxebeste etxebizitza bakarrekoa zen berez. Aspalditik bitan zatitua da, eta gaur egun, hiru etxebizitza ditu.

Aginagako Komunitateko partaidea da.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean, "Echeveste" oinetxea lekutzen du Aginagan.

Aspaldikoak eta ugariak dira etxe honen izenaren erreferentziak:

Juan de Echeveste 1499an aipatzen da, Usurbilen egin zen aurreneko erroldan agertzen baita.

1561ean, Juanes de Echeveste Usurbilgo ordezkaria izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Etxebeste oinetxeko jabea zen.

1598an, Joanes de Echeveste agertzen da Usurbilen auzi batean lekuko gisa. 52 urte zituen urte hartan, eta lanbidez goarda zen.

1615ean, Salvador, Alexandro eta Joanes de Echeveste San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

1642an, Alonso de Echebeste Usurbilgo alkatea zen. Urte berean erregearentzat hiru dukat eman zituen Gipuzkoako Batzar Nagusien mandatua betez.

1658an, Blasio de Echeveste izan zen Usurbilgo ordezkaria Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 1659 eta 1680 artean, Maese Blasio de Echeveste Mapilgo ontziolako zurgin-maisua ere izan zen. 1600ean jaioa zen.

1679an, Martin Mutiozabal de Echebestek kaparetasuna frogatu zuen Usurbilen.

1683an jaio zen Usurbilen, gainera, Francisco de Echebeste jenerala. Filipina irletako konkistan izana, handik Mexikora joan zen, eta beste zenbait kargu ere izan zituen han. 1753an hil zen. Aginagako San Frantzisko eliza (XVII. mendearen bukaerakoa), Usurbilgo elizaren dorrea eta beste zenbait eraikuntza berak utzitako diruarekin egin ziren, eta beraz "ongile" gisa aipatua da. Arbasoak Aginagako Etxebeste oinetxekoak zituen.

1691an, Nicolas de Echevestek izan zuen Usurbilgo ordezkaritza Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

1694an, Alonso de Echebeste, 1703an, Cristobal de Echebeste eta azken urte horretan ere Luis de Echebeste aipatzen dira; hirurak apaizak ziren.

1690ean eta 1717an, Geronimo de Echebeste, Etxebeste oinetxeko maiorazko eta jabea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkaria izan zen. Garai berean, Aginagako Galardi oinetxeko jabea zen Maria de Abalia andrearekin ezkondua zegoen. Haren alaba batek, Serafina de Echebestek, hartu zuen Etxebeste oinetxeko ordezkaritza. Serafina, 1666an jaioa, Miguel de Aizpurua usurbildarrarekin ezkondu zen San Salbatore elizan 1693an. Haien alaba bat, Maria Rosa de Aizpurua y Echebeste, Zubietako Irigoien etxeko seme maiorazkoarekin, Juan de Zatarainekin, ezkondu zen. Ezkontzaren hitzarmena Etxebeste oinetxean egin zen 1721eko uztailaren 22an.

Etxebeste baserrian hiru familia bizi dira: Mujika-Maioz sendia alde batean, Rezola-Eizagirre bestean, eta Beloki-Zubiriatarrak azkenekoan (hau ez da baserria). Joxe Antonio Mujika Esnaola Hernanin jaio zen, baina ama Etxebestekoa zuen, Pantxika Esnaola Kamino hain zuzen. Joxe Antonio Mapilgo Joxepa Iñazia Maioz Balerdirekin ezkondu zen. Familia handia hazi zuten, hamabi seme-alaba, guztiak neskak bi izan ezik, Kandido eta Joxe Migel. Kandido Etxebestera ezkondu zen Urdaiaga jauregiako Joxepa Inaxi Roteta Labakarekin. Ez zuten seme-alabarik izan.

Etxebesten, Mujikatarrek taberna jarri zuten 1958an, eta behiak eta idiak (sei-zortzi buru) kendu egin zituzten. Gaur egun tabernarekin jarraitzen dute, baita baratzegintzan ere, baserriko tradizioari jarraituz. 1950 aldean Etxebeste zaharra goitik behera eraberritu zuten.

Etxebeste baserriko beste etxebizitzan Rezola-Eizagirre sendia bizi da. Etxe honetako alaba zen Karolina Esnaolak senarra Orioko Aizmendiko Bentura Esnal zuen, eta sei seme-alabaren gurasoak izan ziren. Alaba bat gelditu zen baserrian: Erramuna. Erramuna etxekoandre gaztea Babiloniako Joxe Rezola Aristizabalekin ezkondu zen. Semea eta alaba izan zituzten: Erramun eta Miren. Erramun Etxebesten gelditu zen Orioko Aizperro baserriko Iñaxi Eizagirre Peñarekin ezkondua, eta bost seme-alaba hazi dituzte. Gaur, Etxebesten Erramun eta Iñaxi senar-emazteak bizi dira beren alaba gazteenarekin. Bospasei behi izaten zituzten alde honetan. 1992 inguruan kendu zituzten.

Etxebesteko jabeak Juan Maria Olazabal eta Soledad Altube ziren. Gainera, berenak ziren Soroa, Arpidegi, Irigointxozar, Mapillerreka eta Santsonenea Aginagan; Paris eta Parisberri Usurbilen, eta Ortzaika Orion.

Etxebesteko bi familiek, Rezolatarrek eta Mujikatarrek 1944 aldean erosi zuten Etxebeste bere lur sailak eta guzti. Ordura arte, bi auzoak Gernikara joaten ziren errenta ordaintzera. Etxekoandrea ikaragarri gaiztoa omen zen, eta beti beldurrak joaten omen ziren. Nagusiekin gorabeherak izaten zituzten, ordaintzen zitzaienarekin ez baitziren konforme egoten.

Baserriaren lotutako argazkiak: