Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aginagako erdigunetik ekialdera, Oria ibai ondoko gain airoso eta lau batean dago kokatua. Galardi baserria XVI. mendean egina da, Galardigoikoa baino beranduago, seguru asko. Badirudi hasieratik bi baserri hauek leinu edo familia berari lotuak daudela. Gaur ere, jabe berarenak dira Galardiazpikoa eta Goikoa (azken hau "Etxezar" izenaz ezagutzen da).

XVII. mendean, baserria eraberritu egin zen, hegoaldetik handitu egin baitzuten. Era berean, etxearen altuera handitu egin zen, habe buruetan luzapen bat jarrita. Azken hauen gainean teilatua egin zen, kalitate oneko solibo eta gapirioekin. XVI. mendeko zurezko eskailera bat, eta baserri honek zuen garai hartako zurezko dolare baten ardatza mantentzen ditu. Etxearen azpialdean, harrizko murru batekin inguratua, baratzea zuten Galardiazpikoek. Uholdeak murrua bota zuen, eta gaur egun, hondakina besterik ez da. Galardiazpikoa Aginagako Komunitateko partaide da.

Etxe honen izenaren hainbat aipamen daude historian zehar:

1499an Peruste de Galardi eta Juan de Galardi aipatzen dira, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

Luis Murugarrenek "Galardi de Yuso" izenarekin aipatzen du 1612an.

Lope Martinez de Isastik, 1625eko bere "Compendio Historial de Guipúzcoa" liburuan, Galardi izenarekin bi oinetxe lekutzen ditu Aginagan.

1642an, Galardiazpikoa etxeak lau dukat eman zituen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta. Garai hartan Usurbilgo etxe aberatsenetakoa zen.

1658an, Juanes de Ayalde izenekoa agertzen da Galardiko jabe gisa. Usurbilgo udalak, Galardiko mendian zituen zuhaitzak eta itsasontziak egiteko balio zuten haritzak erosi zizkion, Mapilera eramateko.

Joxe Antonio Agirre eta Alejandra Tolosa senar-emazteak Altzoko Zialtzeta baserritik etorri ziren Galardiazpikora, 1920-1921ean, bederatzi seme-alaba eta jasotako beste haur batekin; altzariak eta kutxak, erlojua eta "etxeko gauza guztiak gurdietan kargatuta", kontatzen du Pepita Agirrek, Joxe Antonioren alabak. Lasartetik pasatzean, galdetzen omen zieten: "Nora zoazte?" eta "Munduko ipurdira!" erantzuten omen zuten, Galardiazpikoa Altzotik urruti baitzegoen beraientzat. Galardiazpikoan jarri ziren bizitzen, maizter. Pepitaren anaia zen Frantzisko, Anttoni Mujika Etxebesteko alabarekin ezkondu zen. 1965ean baserria erosi egin zuten, Galardigoikoarekin batera. "Beti baserri lanean aritu gara -kontatzen du Anttonik-, 12 bat buru izaten genituen, idi parea eta astoa. Nik esnea Donostiara eramaten nuen tratuarekin batera, 6:30etako trena Txokoalden hartuta, 7etarako Donostian nintzen, esnea Grosen partitu, tratua saldu eta erosketak egin, eta 11:30etako trenean, etxera, eguerdirako bazkaltzera. Copeleche hasi zenean, esnea haiei ematen genien, baina nik astean behin Donostiara tratua eramaten segitu nuen, 1990 arte".

Pepitak, aldiz, beti baserrian lan egin izan du, Anttoni Donostian zen bitartean. Berak kontatzen duenez, soroan lan egiten zuten egunero. Aginagako San Frantzisko elizan Angelusa entzuten zenean, lana uzten zuten, eta gizonek txapela kentzen zuten, eta denen artean otoitz bat esaten zuten.

Baserriaren lotutako argazkiak: