Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Gaztelu baserria Sariako Olaren goialdean dago kokatua, Orioko mugatik hurbil.

Neurri ertaineko eraikuntza da, 15x13 metrokoa. Hormak manposteriaz eginak daude, eta egitura zurezkoa da. Gazteluerrota 1640an aipatua agertzen da; Gaztelu, aldiz, 1831an agertzen da aurreneko aldiz, baina seguru asko lehenagokoa da.

Gaztelu eta Gazteluerrota Sariako olako eranskin gisa eta bere zerbitzurako egin ziren. Jabea ere bera zen. Azken urteetan, Azkoitiko Zelaia familiarena zen, Urkia familiak 1990 inguruan erosi arte, errotarekin batera.

Urkia-Zumeta familia bizi da baserri honetan.

Juan Bautista Urkia "Gaztelu" bertsolariaren arreba zen Manuela Urkiak seme bat izan zuen, Frantzisko, ezkongai zela. Urkia abizena zuen, amarena. Frantzisko mutil koskorretatik Gaztelun bizi zen, eta baserrian ondorengo gelditu zen. Adoración Zabalarekin ezkondu zen, itziartarra, eta Agustina Gazteluerrotako etxekoandrearen ahizpa. Sei seme-alaba izan zituzten: Simon, Juanita, Joxe Luis, Ixiar, Joxe Ramon eta Kontxita. Joxe Luis gelditu zen baserrian, eta beste anai-arreba guztiak kalera ezkondu ziren. Joxe Luis, Maria Zumetarekin, Orioko Salmaristi baserriko alabarekin ezkondua dago. Bost seme-alaba dituzte. Baserri zaharretik hurbil, hegoekialdera, etxe berria altxatu dute, eta bertan bizi dira. Baserri zaharra ukuilu bezala erabiltzen dute. Bost-zazpi larre behi dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: