Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aginagako Goialdeko baserri hau Tellegindegi, Eguzkitza eta Arburu baserrien artean dago. 1864an, "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" zerrendan agertzen da. Garai hartan, jadanik bazegoen bi etxebizitzako baserria, seguru asko XVIII. mendearen bukaera aldean egina. Hasieratik bi familia bizi izan dira Gorostidin.

Mendebaleko zatia, gaur, ukuilua bakarrik da, eta ondoan dagoen etxean bizi da Etxeberria-Azkonobieta familia. Nagusia Kandido Etxeberria Maioz da, Orioko Lizargarateko semea, eta emaztea berriz, Gorostidiko alaba, Joakina Azkonobieta Esnal. Joakinaren aita, Joxe Ignazio Azkonobieta Bengoetxea, Urdairako semea zen.

1894an jaioa, Joxe Ignazio Orioko Arizmendi baserriko Juanita Esnal Esnalekin ezkondu zen 1936an, Lezoko Santo Kristo basilikan. Gerora, ohitura bera jarraituz Kandido eta Joakina ere Santo Kriston ezkondu ziren 1958an. Joxe Ignazio eta Juanita alargunak ziren biak; ezkondu eta Gorostidin maizter bizi ziren, erosi zuten arte. Fakundo Etxeberria Donostiako mutilzaharra zen jabea, eta Joxe Ignazio eta Juanitak erosi egin zioten. Bi alaba izan zituzten: Joakina eta Maria. Juanitak bazuen seme bat Manolo izena zuena, lehenagoko ezkontzatik. Joakina alaba Kandidorekin ezkondu eta baserrian gelditu zen; lau haur izan zituzten.

Gorostidiko baserritarrak, Tellegindegikoak bezala, lehen Donostiara joaten ziren. Behorrarekin joaten zen Juanita Esnal, eta makina bat bidaia egina zen Eguzkitza eta Kredokogainean barrena Antiguara. Han aberea lotuta utzi, eta esnea, patata eta sagarrak etxez etxe saltzera joaten zen.

Gainera, Gorostidin beti sagardoa egin izan da, eta gaur ere jarraitzen dute egiten. Hemen jotzen zuten Tellegindegiko sagarra ere urtero. 1940-1942 urte inguruetan sagarra erruz jaso zen, urtebetean 400 edo 500 karga sagar atera baitzituzten.

Gorostidin 15 bat larre-behi eta txahalak dituzte ukuiluan. Idi pare bat ere badaukate. Etxeko lanetarako erabiltzen dituzte, eta ia egunero uztartzen dituzte.

Beste etxebizitza, ekialdeko erdia, Unsain familiarena zen, eta 30 urtez hutsik egon ondoren Olasagasti-Arin senar-emazteek erosi dute. Luis Olasagasti Donostiako Amarako Sabene baserrikoa da; Olatz Arin, berriz, lezotarra. Gazteak izanda ere, baserri tradizionalarekin jarraitzen dute, eta 23 larre behi dituzte. Orain dela urte gutxi, etxea osorik eraberritu dute.

Baserriaren lotutako argazkiak: