Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Iarbegoikoa Aginagako Goialdeko baserria, Bordatxoko Aitzaundiaren pean dago kokatua. 1574an, "Yarbe" gaztainadi bat zen, eta Arpidegi etxearen lurrak ziren. Domingo de Lerchundi izenekoa eta Gracia de Olazabal ziren jabeak.

Badirudi Iarbegoikoa baserria XIX. mendean egina dela. Luis Murugarrenek aipatzen ditu "Yerbe nuevo" 1838an, "Yerbe alto" 1845ean eta "Yarbe garaicoa" 1886an.

Lizaso-Azkonobieta familia bizi da bertan. Iarbe, lehen Zubietako Artzabaletaaundiko Mari Karmen Goia zuen jabea.

Juan Bautista Lizaso Salsamendi Tellegindegiko semea Urdairatxikira ezkondu zen, Juana Rosario Azkonobieta Bengoetxea bertako alabarekin.

1954an, Juan Bautistak eta Juana Rosariok Iarbegoikoa erosi, eta Urdairatxikitik etorri ziren. Lehenago maizter bizitu zen Alkorta-Larburu familia Iarbegoikotik alde egin, eta Mapil ondoko Uriberri etxera pasa ziren. Juan Bautistak eta Juana Rosariok ez zuten maiorazkoa Urdairan, eta horrela erosi zuten Iarbegoikoa. Hamahiru seme-alaba izan zituzten, eta semerik zaharrenak, Damasok, hartu zuen baserriaren jarraipena.

Damaso Lizaso Laurgaingo Iturraran baserriko Maria Dolores Manterolarekin ezkondua da. Familiarekin Urkamendira etorri zen 1957an, eta bi seme dituzte.

Iarbegoikoa, lehen, oso baserri pobrea zen, lau behi bakarrik izaten ziren bertan. Etxeak, berriz, borda apal baten itxura zuen. Damaso eta Maria Dolores izan dira etxe berria altxa dutenak, eta 70 esne-behi eta 40 txahal urrux dituzte. Gaur, Usurbilgo baserririk eredugarrienetako bat da. Esnea beraiek komertzializatzen dute, eta Gipuzkoan esne pasteurizatua saltzen aitzindariak dira. 1988ko maiatzean hasi ziren. Damaso Gurelesako bazkide zen, eta bidali egin zuten, nolabait ere "konpetentzia" egiten ziela eta.

Baserriaren lotutako argazkiak: