Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Kaparotz baserria eta Aginagako erdigunearen artean, erdibidean aurkitzen da Lasao etxea, errepide nagusia eta izen bereko errekaren ondoan. Etxe arrunta dirudi, baina ez zen egin baserri izateko, errota izateko baizik. Horretarako, Lasao errekako urak erabiltzen zituen. Oraindik gordetzen du errota zaharraren aztarnaren bat ondoko errekan.

Lasaoko errota 1640an aipatzen da lehen aldiz. Urte batzuk geroago, berriz ere aipatzen da, eta 1659an bertako errotaria Maria de Ondaldagorri zela badakigu. Lasaoko etxea, 1767 urtean, Aginagako Komunitatearen jabegoa zen.

Antxon Aguirre Sorondok "Tratado de Molinología" lanean zera aipatzen du, Luis Murugarrenen lanetatik jasota, 1861eko otsailaren 27an Lasaon bizi zen Josefa Antonia Alsua anderea errotako presan itota agertu zela.

1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan "Lasao de Abajo" izenarekin agertzen da, udaletxetik 2.100 metrora kokatua.

1890ean Frantzisko Makazaga Izagirre baserritarra bizi zen bertan. Dena den, ez dugu aurkitu Lasaoko errotaren jardueraren berri duen inor.

Ignazio Zaldua zen jabea, eta honen semeak, Justo Zalduak, hiru gazteri saldu, eta hiru etxebizitza egin zituzten. Lehen, Lasao etxebizitza bateko baserria zen, eta Zabala familia bizi zen. Joxe Antonio Zabala zen, eta bere semea, Domingo, Arroako Elordi baserriko Segunda Aristirekin ezkondua zegoen, eta bost seme-alaba izan zituzten: Maria, Joxe Antonio, Pantxika, Ignazio eta Erramun. Maria, zaharrena, Elizaldeko Juandeuntzenea etxera ezkondu zen, besteak ere kalera bizitzera joan ziren.

Gaur egun, Lasao bi etxebizitzako eraikuntza da, eta bertan bizi dira bi senar-emazte: Joseba Aranguren eta Itziar Landa, eta Francisco Javier Garcia eta Mª Carmen Mendez. Enpresa bat ere bada bertan, Kai Argi S. L. alegia, Juan Carlos Garmendia eta Itziar Irastorzaren artean osatua.

Baserriaren lotutako argazkiak: