Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Lertxundi Aginagako erdigunearen iparraldera, errepide nagusia eta erriberen artean dago. Ez da urte asko baserri zaharra bota zutela. XVI. mendean eraikitako baserria zen, ditugun datuen arabera. Errepide nagusia egin zenean, haren ertzean zegoenez, badirudi aldatu egin zutela edo zati bat kendu agian. Gaur etxe berri batek ordezkatu du Lertxundi zaharra.

Lertxundi Aginagako Komunitateko partaide da.

Lope Martinez de Isastik 1625ean "Lerchundi" izeneko oinetxea aipatzen du Aginagan.

Hala ere, izen honen aipamen zaharragoak badaude:

1499an Aginagako Juan de Lerchundi aipatzen da Usurbilen egin zen aurreneko erroldan.

1574an Domingo de Lerchundi Arpidegi etxeko jabea zen eta haren emaztea etxe bereko alaba zen, Gracia de Arpidegui alegia. Urtebete lehenago, Asentxio Elustondok dioenez, Maria de Lerchundi zen jabea.

Pablo de Lerchundi 1704an Zubietan egin zen epaiketa batean lekuko gisa aipatzen da. Aginagakoa zen, 1655ean jaioa.

Beharbada, XVII. mendean Elizaldeko Saroe Jauregiko jabegora pasa zen.

Lertxundin Begiristain familia bizi da. Joxe Migel Begiristain Legarra bizi zen baserri honetan. Mapilgo alaba batekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Semeetako bat, Joxe Mari, gelditu zen etxean. Joxe Mari Begiristain Maioz Eusebia Azurmendi Arzallusekin ezkondu zen. Eusebia Errezilgo Armendi baserrikoa zen, bere familiarekin Arrillagaaundira etorria. Bost mutil eta bi neska izan zituzten: Joxe Migel, Iñaki, Begoña, Juan, Maria Dolores, Manolo eta Xabier. Gaur, Lertxundin Begoña eta Manolo bizi dira.

Manolok eta Xabierrek jarraitzen dute baserri lanean. Manolok Miren Maioz Errekondo du emaztea Soroako alaba. Batez ere baratzegintzan aritzen dira, ez dute abererik (1980an kendu zituzten), garai batean, Lertxundin 20 bat abelburu baziren ere. Idi parea eta morroia ere beti egon ohi ziren. Familia hau baserriaren jabe da aspalditik, Joxe Mari aitak erosi baitzien Saroe Jauregikoei. Baserria guztiz eraberritu zuten 1996an.

Baserriaren lotutako argazkiak: