Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aginagako erribera oparoak bukatzen diren lekuan, San Frantzisko elizatik iparraldera kokatzen da. Mapil etxea XVII. mendeko eraikuntza aipagarria zen, hegoaldeko fatxada polita eta eskailera kanpoan zuena. Saroe Jauregiko Ignacio de Soroa kapitainaren jabegoa zen. Ontziola izateko egina, bazuen ermita txiki bat ere. 1689an Soroak sortu zuen maiorazko zatiezinaren lokarrian agertzen da: "La cassa nombrada de Mapil sitta en jurisdicion dela dha villa, con su oratorio y Astillero para fabricas de navios...". Azken bi urte hauetan Mapil ia osorik eraberritua izan da.

Maioz familia bizi da Mapilen, eta beraiek dira jabeak. Balerio Maioz Balerdi Mapileko semea zen, eta Damiana Begiristain zuen emazte. Mapilen bizitu ziren, eta zazpi seme-alaba izan zituzten: Frantzisko, Polikarpo, Kandido, Joxe Migel, Florentina, Segunda eta Juliana. Frantzisko zen maiorazko, eta bera gelditu zen etxean. Usurbilgo Bentako alaba gazteena zen Manuela Aizpurua Aranarekin ezkondu zen, 1938an, eta Mapilen jarri ziren bizitzen. Lau seme-alaba izan zituzten: Patxi, Kontxita, Pakita eta Damiana. Praxku Maioz 1945ean alborengo (pulmonia) batek eraman zuen. Gizonak gaixotasuna angulen garraioan zebilela harrapatua zuen. Gasogenoz ibiltzen zen Ford 4 bat erabiltzen zuen Valenciako Perellóra joateko, han baitzituen angula mintegi flotanteak. Kristalik gabe gelditu, eta euritan "zerrazoiarekin" (lanbroarekin) etorri zen, eta hoztu egin zen. Manuela lau haur txikirekin gelditu zen baserrian. Bost edo sei behi eta bizpahiru txekor zituzten. Kandido Maioz Pagola laguntzaile gisa etorri zen eta denbora batera ezkondu egin ziren. Beste hiru seme izan zituzten: Manuel Mari, Joxe Luis eta Eusebio. Familia, baserriko lanaz gainera, anguletan ere ibiltzen zen, eta hondarra Oriotik Mapilera ekartzen gabarretan, baita garraiolari ere, kamioietan.

Mapil etxea oso zaharkitua gelditu zen eta familia Guretxokoa etxe berrira aldatu zen. Denbora berean granja berri bat egin zuten, Mapillerrekan, baserriarenak ziren lurretan. Txerriekin hasi ziren lehenengo, eta gaur hegaztiak hazten dituzte; 18.000-19.000 oilanda izaten dituzte.

Mapilen Patxi Maioz gelditu zen maiorazko, Maria Gozategi Makazaga Orioko alabarekin ezkondua; hiru seme-alaba dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: