Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Mutiozabal baserria Aginagako erriberei begira dago gain batean, auzoko erdigunetik iparrekialdera lekutua. XVI. mendean sortutako oinetxea da, baina gaurko baserria XVIII. mendekoa da. Eraikuntza nabarmena da; planta errektangularra, eta hormetan harlanduz egindako leiho eta ateak ditu. Hegoekialdeko fatxada nagusiak zurezko bilbapen ederrak ditu. Honen aurrean, murru batekin inguratutako baserriarena den baratzea bat dago.

Baserriaren ondoan beste etxe edo etxeorde baten hondakinak daude. Antza denez, Mutiozabalena zen zalditegiaren aztarnak dira.

Lope Martinez de Isastik 1625ean ez du aipatzen Mutiozabal oinetxea. Seguru asko, maizterrak ziren garai hartan bertan bizi zirenak.

Izen honen beste hainbat aipamen daude: 1499an, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan, Juan de Mutiozaval izenekoa aipatzen da. Geroago, 1556an, Miguel de Mutiozabal izeneko beste baten erreferentzia bat dago, San Salbatore elizan zenbait lan eta berrikuntza egin zituela eta.

1566an, Mutiozabalgo seme batek, Juan de Mutiozabalek alegia, Donostian auzotasuna zuen. 1573an Domingo de Mutioçabal zen etxe honetako jabea. 1592an, bestalde, Lucia de Mutiozabal izeneko andre alargunak Zorrotzeko zubia konpontzeko laguntza gisa bi erreal eman zituen.

1615ean, Joanes, Francisco eta Catalina de Mutiozabal San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

1619an, Pedro de Mutiozabal Usurbilgo bizilaguna zela badakigu, eta Maria de Yurritarekin bizi zela "arrimatua". Lehengusu txikiak ziren.

1629an, Maese Domingo de Arriola de Mutiozabal eta bere semea Francisco de Arriola aipatzen dira, Mutiozabaleko auzokoa den Mitxelkonea etxean testamentu baten lekuko gisa.

1660an, Maria de Mutiozabal Usurbilgo bizilaguna zen, eta herrian bertan bizi zen. Alonso de Irurubietarekin auzi bat izan zuen.

1662an, Francisco Mutiozabalek bi dukat eman zituen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusien aginduz, "donativo graçiosso" deitzen zen emaitza gisa.

1698an, Esteban de Mutiozabal lekuko gisa agertzen da Juan de Achega eta Catalina de Irarreta artean. 1715 eta 1723 artean Usurbilgo herriko idazkaria izan zen.

Luis Murugarrenek, ostera, "Mutiozabal" deitutako etxea aipatzen du 1817an. 1864an "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" delako zerrendan "Mutiozabal" agertzen da berriro ere. Hiru etxebizitzako baserria zen, udaletxetik 3.700 metrora zegoena. Bestalde, Aginagako Komunitateko partaide da.

Atxega-Ugarte familia bizi da baserri honetan, aspaldidanik. Klaudio Atxega Eizmendi Mutiozabalen jaio zen. Lehen etxearen jabea Oyagüe familia zen, Perun bizi ziren "amerikanoak". Dirudienez, Aginaga inguruan baserri hau bakarrik zuten, eta Klaudio zen aldi berean maizter eta administradore. Atxega familia da, gaur, Mutiozabal baserriaren eta bere lurren jabea. Gaur, itsaski haztegiak daude etxe honetan.

Klaudio Orioko Sarobe baserriko Klaudia Peña Gozategirekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba hazi zituzten. Garai hartan Mutiozabalen, lau edo bost behi izaten ziren. Baserria bi etxebizitzatan banatua zegoen: ekialdekoan nagusi etxea zegoen, eta beste aldean, maizterra, Atxega sendia. Hasiera batean, azken parte honetan bizi ziren, eta 1930 aldean nagusiaren etxera pasa ziren. Gero, Etzabaletik eta Murgilenetik etorrita, Zubeldia sendia etorri zen Mutiozabalera maizter. Lursailen erdiak beraiek erabiltzen zituzten. Maizterrei zegokien baserriaren aldea zatitu eta bertan jarri ziren bizitzen, ezkonduta, Joxe Juan Bereziartua eta Manuela Atxaga, Klaudioren arreba. Azken familia honek lursailik ez dute.

Klaudia oso emakume prestua eta indartsua zen. Tratuarekin eta esnearekin, zestera buruan jarrita, Txokoaldeko geltokira joaten zen. Tratua Donostiako San Martin plazan saltzen zuen. Klaudio eta Klaudiaren semea, Bartolome, maiorazko gelditu zen baserrian. Santsoneneko Benantxi Ugarte Zinkunegirekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten.

Bartolome Atxega, arrantzale aritzen zen ibaian, Aginagako errioan ezagunenetakoa zen. Angula, aingira, amarrak (itsasoko karramarroa) eta izkirak arrantza egiten zituen. Hain ezaguna zen, "Martinpollita" izengoitiaz deitzen zuten, Martinarrantzale txoriari horrela deitzen baitiote Aginagan.

Baserriaren lotutako argazkiak: