Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Koskollo eta Gorostidiko errekak elkartzen diren lekuan, ibar txiki batean dago Tellegindegi baserria. XIX. mendearen hasieran eraikia dela dirudi. Hala ere, ez da agertzen izen honekin. "Tejeria" izena, berriz agertzen da 1864an "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" delako zerrendan. Ziurta daiteke aipatutako "Tejeria" hori teila lantegi bat zela, eta geroago baserriak ordezkatu zuela. Gaur, ez dago teileri zahar hartako labearen aztarnarik.

Lehen, Tellegindegiko jabea Manuel Rezola Laporte zen, eta berea zuen Arburu baserria ere. Ondorengoek saldu zieten baserria bertakoei, 1961 aldean.

Manuel Rezola Laporte ia 1.000 langile izan zituen Donostiako "Lizarriturry y Rezola" jaboi fabrikako jabea izan zen. Dirudienez, gurasoak Tellegindegikoak zituen, beharbada, lehen hemen izan zen teileria edo teila lantegiko jabeak izan zirenak. Tellegindegi baserrian Lizaso-Etxeberria familia maizterra bizi zen.

Joxe Lizaso Salsamendi etxeko semea 1918an jaio zen Tellegindegin. Trinidad Etxeberria Maiozekin ezkondu zen, 1947an, Lezoko Santo Kriston basilikan. Trinidad Orioko Lizargarate baserriko alaba da. Joxe eta Trinidadek Lizargarateko erromeria edo "bilera"n ezagutu zuten elkar. Bost seme-alaba izan zituzten. Joxe 1961ean hil zen, eta Trinidad ezkondu egin zen berriro, oraingoan Aiako Goikoetxe baserriko Joxe Alkorta Sarasuarekin. Ez zuten haur gehiago izan. Gaur, baserrian jarraitzen dute lanean, 20 bat buru dituzte, larre-behiak eta txahalak, bazterrak garbi mantentzeko.

Trinidadek dioenez, Tellegindegi oso bazter lasaia zen, izan ere, ez egunez eta ez gauez ez zen inongo soinurik ez zaratarik: oihu egin mendi bazterretatik eta instantean Tellegindegin entzuten zen. 1972an, zoritxarreko autobidea egin zutenean bukatu zen lasaitasuna bazter polit honetan.

Baserri honetakoek lehen Sariako olako fabrikan egiten zuten lan. Sariako ola aldera abereekin jaisteko izan dute joera, baina Trinidad etxekoandreak kontatzen duenez, lehen etxekoak abereekin Donostiaraino joaten omen ziren Igeldon barrena.

Baserriaren lotutako argazkiak: