Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizaldetik ipar-ekialdera eta Olarriondo baserrietatik hurbil kokatzen da Agerreazpi, malda leun batean, soro, belardi eta baratze artean. Aurrealde nagusia (hegoekialdea) oso erregularra eta proportzionala da. Ertzetan, leihoetan eta ate nagusian harearrizko harlanduak ditu aurreneko solairuan, eta ganbaran, adreilu zeramikoa. Ateburuan, harrian landutako gurutze bat dago, "Iesus Nazaren" grabatutako hizkiekin. Eraikuntza, orokorrean, XVII. eta XVIII. mendeetan eraikia dago, barruko zurezko egiturak galduak baditu ere zatirik handienean. Ganbaran bakarrik mantentzen du berezko egitura. Zati handienean hormigoiz berreraikia dago.

XV. mendean (edo agian lehenago) sortua da oinetxe hau, beraz Usurbilgo zaharrenetakoa da. Luis Murugarrenek "Miguel de Aguirre debajo" aipatzen du Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan, 1499 urtekoan. Autore honek dioenez, beharbada etxe honetakoa zen.

Domingo de Lizasok, bere "Nobiliario" lanean, aipatzen du "Agirre Azpi" etxe nagusi bezala:

"En la jurisdicción de la villa de Usurbil permanece la Casa Solar de Aguirre de Yuso una de las mas antiguas pobladoras de la provincia de Guipúzcoa, de nobles hijosdalgos notorios de sangre al fuero de España, de cuyo principio y fundacion no hay memoria".

Martin Ochoa de Aguirre etxe honetan jaio zen XV. mendearen erdialdean. Maiorazkoa zen. Donostiara joan zen bizitzera, eta hirian Margarita de Irigoyen andrearekin ezkondu zen.

Beren seme Martin de Aguirre armadorea zen, zenbait itsasontziren jabe. 1493an, Donostian erregidore izan zen, eta Perona de Hernialde andrearekin ezkondua zegoen. 1500ean, Puerto de Santa Marian hil zen eta herri horretako eliza nagusian hilobiratu zuten, aldare nagusiaren ondoan.

Aurrekoen semea zen Juan Lope de Aguirre, Agerreazpiko oinordekoa izan zen. Armadorea zen hau ere eta Donostiako alkate 1534 eta 1539 artean. Catalina de Echave tolosarrarekin ezkondu zen.

Beren semeak Juan Lopez de Aguirrek, hartu zuen oinetxeko maiorazkoa. Bere aita bezala, armadorea eta kapitaina zen. Gaztelako erregearen zerbitzuan, 1530ean turkoen kontra aritu zen gerran, Gipuzkoako beste jendeekin batera. Gero Lapurdiko Donibane Lohizune erre zutenen artean egon zen, 1550 inguruan. Donostiako alkate izan zen 1552, 1556 eta 1578 urteetan. Erregidore eta probintziako diputatu nagusi ere izan zen beste hainbat urtetan. Felipe IIa erregearen eskua musukatu zuen, hura Ingalaterratik itzultzean Donostiatik pasa zenean. Marota de Alcega hernaniarrarekin ezkondu zen.

Bost seme-alaba izan zituzten, bigarrenak, hau da, Juan Lopez de Aguirre y Alcega lizentziatuak, bere gurasoak ordezkatu zituen Agerre Azpi etxean. Juan Lopez beti Donostian bizitu zen eta emaztea Ana de Zavala y Lasao zuen, Zestoako Lasao oinetxekoa. Honela Atxegatarrekin ahaidetu ziren.

Gabriel de Aguirre izan zen ondoren Agerreazpiko maiorazkoa hartu zuena. Abokatua, auditore militarra eta Inkisizioko notario izan zen Donostian. Catalina de Arteagarekin ezkondu zen, Ordiziako Arteagatorreko alaba.

Seme bakarra izan zuten Antonio Aguirre, Alcantara Ordeneko Zalduna eta Indietako Armadako almirantea. Ezkongabe hil zen eta honela bukatu zen oinetxe honetako leinua.

XX.mendean, Juan Kruz Unanue zen Agerreazpiko maiorazkoa. Gregori Alzaga Uruazabal Olarriondozarreko Alzaga sendiko alabarekin ezkondu zen, eta sei seme izan zituzten: Joxe Manuel, Antonio, Anakleto, Patxiku, Juan Ignazio eta Joxe Ramon. Azken hau gazterik hil zen: 14 urterekin. Joxe Manuel zaharrena, maiorazkoa zenez, etxean gelditu zen. Zubietako Araetako alaba zen Manuela Roteta Arrutirekin ezkondu zen, eta zortzi seme-alaba hazi zituzten. Lehen ez bezala, maiorazka alabarik gazteena gelditu zen Agerreazpin: Arantxa Unanue Roteta, alegia. Antonio Portularrumerekin ezkondua dago. Antonio Aiako Santioerrekako Portularrume (Larrume soilik deitzen diote) baserriko semea da. Hiru seme dituzte.

Agerreazpin zazpi edo hamar abelburu izaten ziren, izan ere, Agerreazpik oso lursail erosoak ditu, etxearen inguruan. Mendia ere badute Santsonenea eta Arratzain baserrien artean. Gaur, 20 esne-behi eta zortzi edo bederatzi biga hazten dituzte. Esnea gazta egiteko Olaztiko "Vasco Navarra" gaztategiari saltzen diote.

Baserriaren lotutako argazkiak: