Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizaldeko erdigunetik iparralderantz, Arratzaina doan herribidearen eskuin aldean, gain batean, Agerreaundi eta Agerretxiki baserriak kokatzen dira, hormaz-horma elkarri erantsiak.

Agerre oinetxea familia bakarreko etxea zen. Aspaldi zatitua da, behar bada, XVII. menderako. 1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan, "Aguirre Mayor" baserria agertzen da, udaletxetik 1.400 metrora kokatua. Aipatutako zerrendetan "Aguirre Chipi" ere aipatzen da, herriko etxetik 1.400 metrora. Zalantzarik gabe, etxe berari buruz ari da.

Agerreaundin Zarauzko Urtetatik etorritako Alkorta familia bizi da. Frantzisko Alkortak honela dio: "Ni urrutiko parientea naiz. Berridikoekin eta Egioletakoekin Aginagan ere badira gure abizena dutenak". Lehengo zaharrak parienteak ziren". Iñazio Mari Alkorta, Berridiko baserritarra zen, eta Enbilleneko alaba zen Joakina Zabalarekin ezkondu zen; bederatzi seme-alaba izan zituzten. Praxkuk berriz: "Ni laugarrena nintzen, eta gurasoek ni aukeratu ninduten etxerako". Pakita Olasagasti Arana Artxubietako alabarekin ezkondu zen Frantzisko, eta "lau seme-alaba izan nituen; gaur gure alaba eta ilobarekin bizi naiz". Alarguna da Praxku.

Zortzi abelburu izaten zituzten, idi parea kontatuta. Amona Joakina eta bere erraina Pakita Donostiara joaten ziren egunero trenean, esnea partitzera. "Hartzaileak izaten genituen, 40 litro, bestetan gutxiago... handik gora ez" kontatzen du Praxkuk. "Konpradia Tomasenea genuen eta han biltzen ginen. Gaur lau buru ditugu, bat ateratzeko idean nago, salduko nuke bai... Artasoroa ereiten dugu urtero, etxeko artoa eta amerikanoa ere bai..."

1990ean erosi zioten etxea ordura arte jabea zen Joxe Aizpurua zubietarrari. Lehenago, Gernikako Juan Maria Olazabal eta bere emaztea Soledad Altube ziren baserriaren jabeak.

Badira baserri honen antzinako zenbait erreferentzia: 1499an, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan, Miguel Aguirre de Suso agertzen da. 1566an, Domingo eta Pedro de Aguirrek Donostian zuten auzotasuna. Usurbilgo Agerre oinetxeko ondorengoak ziren. 1586an, aldiz, Juanes de Hirigoyen agertzen da aipatua. Agirre etxean bizi zen.

1625ean, Lope Martinez de Isastik "Aguirre" oinetxea aipatzen du Elizalden. Bi oinetxe dira izen honekin: Agerreaundi eta Agerreazpi. Beharbada, lehenengoari buruz ari zen.

Agerretxiki (Agerretxipi deitzen zen antzinean), esan bezala, hormaz-horma atxekia dago Agerreaundiri. Bi etxe hauek, eta Enbillenearen lurrek ere bat egiten dute gain hauetan. Badirudi antzina bat zirela hirurak, eta zatituak izan zirela hiru jabegotan. Dena dela, hirurek lurrak elkarrekin dituzte.

1644an, Agerretxipi etxeak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, dukat bat eman zuen erregearentzat. Badirudi ordurako Agerre bi etxebizitzatan zatitua zegoela.

Frantzisko Alkorta Lizargarate Agerretxikiko semea zen, eta Maria Zabala Etxeberria Enbilleneko alabarekin ezkondu zen. Frantziskoren gurasoak Zelaiaunditik etorriak ziren Agerretxikira. Bost seme-alaba izan zituzten. Maiorazkoa Joxe Frantzisko semea zenez, bera gelditu zen etxean.

Kontxi Larreta Amundarain, Amezketako Ezkolberro baserriko alabarekin ezkondu zen Joxe Frantzisko, eta seme bat izan zuten: Aitor. Gaur, baserrian ama alarguna eta semea bizi dira. Migel Larreta osabak laguntzen du baserri lanetan. 80 ardi dituzte egun, eta haragitarako arkumeak hazten dituzte. Lehen 14 abelburu izaten zituzten, eta idi parea ere bai. Garai batean, morroia eta neskamea ere izan ziren Agerretxikin. Alkorta sendiak 1955ean erosi zuen Agerretxiki baserria.

Tratua Donostiara eramaten zuten eta esnea banatzen zuten, Donostiako hartzaileen artean. Egunero astoarekin jaisten ziren Txaparrenera, trena hartzera, astoa lotuta utzi "Astotegian", amona Mariak buruan zestera hartu, eta korri trenera! osaba Migelek kontatzen duenez. Agerretxikin Migel Larretak ardi gazta egiten jarraitzen du.

Baserriaren lotutako argazkiak: