Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Arratzainberri, Usurbilgo Goialdean, Arratzainzarretik ekialdera dago, gain zabal eta lau batean.

Leizaolaenea izenarekin erregistratzen da zenbait dokumentutan, lehenagoko jabea Zubietako Barazar baserriko Leizaola familia baitzen.

Arratzainberri Arratzain etxe zaharreko banaketa bat da. "Arrazain" izeneko baserria 1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan agertzen da, eta hiru etxe edo eraikuntzaz osatua zegoen. Horietako bat Arratzainberri dela dirudi.

Baserri-etxe txikia da Arratzainberri, planta errektangularrekoa, lau hormak harriz eta manposteriaz eginak, eta bi ur-isuritako teilatua dauka. Barruan, gutxi landutako egurrezko egitura batek osatzen du etxea. XIX. mendearen bukaeran egina da.

Olasagasti sendia bizi da bertan, aspalditik. Lehen maizterrak ziren, eta 1936ko gerraren ondoren, Frantzisko Leizaolari erosi zioten baserria orduko 22.000 pezetatan.

Joxe Juan Olasagasti eta Gregori Arana bere emaztea bizi ziren bertan. Gregori goierritarra zen. Bederatzi seme-alaba zituzten: Santos, Manuel, Polikarpo, Luix, Bixenta, Romana, Joxepa, Erramun eta Joxe. Santos zen maiorazkoa eta bera gelditu zen etxean. Azpeitiko Juana Uriondo Mezaderekin ezkondu zen. Zazpi urte zituela, Ibaetako Zuastieder baserrira ekarria zen Juana, gero bederatzi urterekin Errikoetxea baserrira joan zen, Zuastiederko Arruti familiarekin. Santos eta Juana senar-emazteek alaba bakarra izan zuten: Ramoni.

Juana, egunero, astoarekin joaten zen Langagorrira, Maskolaitz zokoan; astoa han lotu eta autobusean Donostiako Bretxako azokara. Baserri honetan sei edo bederatzi behi izaten ziren. 2001ean kendu zituzten azkeneko behiak.

Baserriaren lotutako argazkiak: