Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Artikulaaundi baserria Bordatxo eta Mendizorrotz mendien arteko lepoaren erdian zegoen. Etxe handia zen, planta ia karratukoa (20 x 21 metro). Eraikuntzaren lau hormak harriz eta manposteriaz eginak zeuden. Ertzak eta ate eta leiho arteak harlanduzkoak ziren.

1864an "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan "Articola Viejo" baserria aipatzen da; udaletxetik 3.300 metrora zegoen.

1840 inguruan, Udarregitik Artikulaaundira etorri zen bizitzera Juan Joxe Alkain "Udarregi" bertsolaria bere familiarekin. Juan Joxe, Maria Bautista Astiazaranekin ezkondu zen, eta hiru alaba izan zituzten. Alaba bat -Joxepa Iñaxi, 1862an jaioa- gelditu zen baserrian, eta Justo Landarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Mateo, Mikela eta Dominika. Azken hau kalera joan zen Mikela berriz Joxe Heredero Pinela Usurbilgo maisua zenaren semearekin ezkondu zen eta Igeldoko Otondogoikoan jarri ziren bizitzen. Mateo etxen geratu zen eta Artikula saldu egin zuen 1932an. Joxe Ramon Galardi tolosarrak erosi, eta ondoren Telleria familia etorri zen maizter. 1944an Telleriatarrek 100 golde zituen baserria erosi zuten 90.000 pezetatan. Telleria familia sortzez Tolosako Auzotxikiko Munitzagoikokoa da. 1932an, aipatutako baserritik etorri zen familia osoa: Juan Ignazio Telleria eta Maria Gorostegi senar-emazteak, aiton-amonak eta lau seme-alaba. Artikulaaundin zirela, beste lau seme-alaba jaio ziren.

Juan Tomas Igeldoko Erauntzetabordara ezkondu zen, eta honen anaia Joxe, berriz, Zubietako Amiribeara. Gazteena, Martin, etxean gelditu zen gurasoen kargu, maiorazko gisa. Beste guztiak kalera jaitsi ziren.

Artikulaaundin 18-20 abelburu izaten ziren, idi pareaz gainera. Donostiara egunero joaten ziren astoarekin, lehendabizi Iturrietara (Igeldora), ondoren autobusean Donostiara. Esnea hartzaileei ematen zieten. 1972an, Estaduak desjabetu eta bota egin zuten Artikula Bilbao - Behobia autobidea egiteko. Juan Iñazio eta Mariak pena ikaragarriarekin utzi behar izan zuten beren baserria, hainbeste izerdi botarazitako etxea erortzen ikusi behar...

Ondoan, baserriaren lurretan, Martin semeak borda bat eraiki zuen ganaduarentzat.

Baserriaren lotutako argazkiak: