Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Usurbilgo Goialdean, Latxa errekatik hurbil, Igeldoko mugetan daude Egioleta baserriak. Hiru dira: Egioletaaundi, Egioletatxiki eta Egioletaberri.

Jose Maria Mutiloa Poza geografo eta historialariak "Roncesvalles en Guipúzcoa" lanean, 1784an, hainbat toponimo aipatzen ditu: "Elusocozuloa", "Arpideguieta", "Orteta", "Alejo Minteguia", "Eguiluze", "Laserreca"... Leku horiek denak hariztiak ziren, eta horietatik -Irisasitik bezala- Mapilgo ontziolarako egurra ateratzen zuten. Behar bada, ez aipatu arren, "Laserreca" ondoan Egioleta baserria egongo zen.

1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" zerrendan "Eguioleta" baserri bakarra agertzen da, udaletxetik 2.300 metrora (?). Aipatutako urte horretan bi etxe ziren, dirudienez, elkarrengandik isolatuak.

Egioletaaundi etxeari bertako familiak "Alkortaenea" deitzen dio, Alkorta dutelako familiaren abizena. Gaur, etxe zaharraren egitura hormigoi armatuz berreraikia dago.

Lehen, Joxe Mari Lertxundi eta Agustina Alkorta senar-emazteak bizi ziren. Hiru alaba zituzten: Dolores, Joxepa eta Maria. Azken hau Pedro Mari Alkortarekin ezkondu zen. Eustakio Alkorta Lertxundi aitonak kontatzen du, aspaldi, hiru anaia etorri zirela Aiatik Usurbila, bat Urtetara, bestea Agerrera, eta bestea berriz, Berridira. Eta hortik zabaldu dira Alkortatarrak Usurbilen. Alkorta-Lertxundi senar-emazteek bederatzi seme-alaba izan zituzten.

Eustakio zen seniderik zaharrena, eta bera gelditu zen maiorazko. Altzako Amueder baserriko alaba zen Joxepa Sarriegirekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Beti baserri lanean, 16-24 abelburu izaten ziren Egioletaaundin. Oso baserri indartsua zen, eta bere inguruko lurrak erabiltzen zituzten. Maria Lertxundi, Eustakioren ama zena, egunero joaten zen Donostiako San Martin plazara, ekoizten zituzten produktuak saltzera. Egioletan fruta asko izaten zen: muxika, brinoia, arana... saltzen zuten. Astoarekin Igeldoko Iturrietara joan, han bazterrean lotuta utzi, eta gero autobusean Donostiara. Eustakiok kontatzen du, fruta asko zenean, berak Igeldora eramaten zuela xesteretan, gurdian, idi parearekin.

Egioletako baserritarren joera beti Igeldo aldera izan da, lehen eta gaur egun ere bai. Eustakio Alkorta, igandero, Igeldora joaten da mezatara, lehen oinez eta orain autoan; ondoren, lagun artean salda hartu, hamaiketakoa Pakonean egin, eta gero paseatzen, Egioletara oinez. Egioletako bidea auzolanean bukatu zuten 1965ean.

Gaur, Egioletaaundin sei larre behi mantentzen dituzte. Sagardotegia daukate, eta urtero sagarra jotzen dute etxeko dolarean.

Egioletaaundin eskola izan zen, 1960 aldean. Inguruko haurrak joaten ziren bertara, eta maistra Igeldokoa zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: