Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizaldeko hirigunean dagoen baserria da, San Salbatore elizatik iparraldera. Eraikuntza ia karratua da (20 x 21 metro), hormak manposteriaz eginak daude eta ertzak harlanduz. Hegoalderantz begira dagoen aurrealdea edo fatxada nagusiak, beheko solairuan, zementuz errebokatutako manposteria dauka, eta fatxada honen gainontzeko zatiak zurezko entramadoa edo bilbapena du. Ganbaran, zura arteko tarteak adreiluz beteak daude. Sarrera nagusiak dobelarriz egindako puntuerdiko arku bat du. Bertan zurezko ate sendo bat dago. Honen gainean, harlanduzko harri zabal bat armarri baten ordezko gisa dago.

Ekialdeko fatxadan, beheko solairuan, harlanduz egindako bi zutabe karratu ikus daitezke; etxe honek zuen "karrera" edo estalpearen zatiak dira.

Sarrera nagusitik soto edo eskaratzera sartzen den zorua arbelezko harlauza handiz osatua dago. Beheko solairuan, lehen ukuilua edo zalditegia zegoen lekuan, etxearen oinarriak daude: etxe honen egitura bikaina eusten duten bederatzi habeak. Hauei lotuta soliboak daude, eta dena elkartzeko, besoekin lotzen dira, "arrano buztan" eta ziri batzuen bidez.

Lehengo solairuan, hegoaldeko aurrealde nagusiari irekia, etxeko egongela nagusia dago, eta bertatik logeletara sar daiteke. Logeletako batek antzinako bainugela bat mantentzen du. Honen zorua zinkazko xafla batez babestua dago.

Gaztañagaren oinarriak XVI. mendean eraiki ziren, eta garai hartakoak dira habeak eta mantentzen dituen dolare zoruaren egiturak.

XVIII. mendean osorik eraldatu, zabaldu eta haunditu zuten. Artean ez zuen eranskinik. Gaur dituen eranskinak, berriz, Tolaretxe eta Amarrenea, XIX. mendearen bukaeraren ondoren eginak dira.

1371ean Usurbil hiribildu izendatu zutenean, Gaztañaga bertako etxe nagusietako bat zen, eta hiri berriko etxe herri-sortzaileetako bat izan zen.

Paris etxeko hariztian bezala, Gaztañagako hariztian ere egiten ziren herriko batzarrak, 1551-1670 inguruan. Ondoren, seguru asko, Gaztañagakoan bakarrik jarraituko zuten batzar horiek egiten. Badirudi bi harizti hauek auzoko zirela beren artean. Badirudi Gaztañagako harizdia beranduago baratze bihurtu zutela. Gaztañagak murruz inguratzen zuen baratze paregabea Elizaldeko frontoi atzeraino heltzen zen. Berrogei urte baino gutxiago dira baratza hau desagertu zela.

1890 inguruan, Juan Torregarai, Uruguaitik, Montevideotik, etorri zen Gaztañagara, baserria erosita, eta bertan jarri zen familiarekin bizitzen.

Don Juan Torregarairen (honela deitzen baitzioten herrian) Demetrio seme zaharrena izan zen maiorazko, eta Ignazia Furundarena Arbiza, Eguzkitza edo Bustinzulo baserriko alabarekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten.

Gaztañagan semerik zaharrena, Joxe Mari, gelditu zen maiorazko. Abaltzisketako Azaldegi baserriko Teodora Gorostidi Zubeldiarekin ezkondu zen, eta bi alaba eta seme bat izan zituzten.

Demetrio oso ezaguna zen Usurbilen, herrian hainbat lan egiten zituen gizona zen eta: txerri hiltzailea, albaitaria... eta beste hainbat lan. Kaleberrin zeuden bi baserritar ermandade edo kofradietako bat, "Ugartealde" deitzen zena, Tomasenean biltzen zen, eta Demetrio zen bertako listero.

Ignazia etxekoandrea, aldiz, egunero joaten zen trenean Donostiako San Martin plazan zuten postura, tratua eta esnea saltzera.

Demetrioren anaia bat, Juan Claro izena zuena, Donostian bizi zen, eta Uruguaiko kontsula izan zen.

Gaur, Gaztañagako jabea Joxe Torregarai da, Demetrioren biloba. Joxepi Martija Irurubietako alabarekin ezkonduta dago.

Behiak duela 30 urte kendu zituzten. Lursailak badituzte Olloki baserriaren inguruan, eta Gorostitxon, eta Agerretxikiko artzainak erabiltzen ditu garbitze aldera.

Luis Murugarren historialariaren arabera, 1551n "Guaztañaga" etxea aipatzen da.

1493an, Cristobal de Gaztañaga prokuradore izan zen, Miguel de Achagaren kontrako auzi batean, Aginagako Domingo de Soroaren eta Juan de Sariaren izenean.

1536an, Domingo de Gaztañaga Usurbilgo ordezkari edo prokuradorea izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 1568an, berriz, Martin de Gaztañaga zen Usurbilgo ordezkari aipatutako Batzar Nagusietan. 1606an, Beltran de Gaztañaga zegoen aurreko Martinen kargu berean.

1615ean, Catalina de Gaztañaga San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatua izan zen.

Lope Martinez de Isastik Gaztañaga oinetxea aipatzen du Elizalden, 1625ean.

1636an, Pedro de Gaztañaga oinetxe honetako maiorazko eta jabeak Lucia de Irigoyen y Urrizmendi izeneko andrea hartu zuen emazte. Saroe oinetxeko alaba zen. Bi seme-alaba izan zituzten, Domingo eta Catalina deituak. Domingo Toledoko katedraleko kalonjea izan zen, eta Catalina berriz, Hernaniko San Agustin komentuan moja hil zen. Urte hartan, Pedro bera azaltzen da Usurbilgo ordezkari gisa Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

1657an, Francisco Ignacio de Gaztañaga aipatzen da eskribau moduan. 1684an hil zen.

1674an, Sebastian de Gaztañaga agertzen da zubietarren lekuko gisa Zubietako eliza eraikitzeko baimena ukatzen zutela eta.

1725etik 1754ra bitartean, Ignacio de Gaztañaga izan zen Usurbilgo udaleko eskribau edo idazkaria. 1756 eta 1777 artean, Francisco Ignacio de Gaztañaga izan zen Usurbilgo eskribaua.

Baserriaren lotutako argazkiak: