Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizaldeko kaskoan aurkitzen da etxe hau, Kale Nagusian, San Salbatore elizatik hurbil, Sutegiberri eta Batxillerrenea edo Barberonea etxeen artean. Seguru asko, XVI. mendean egin zuten, eta eraiki zuen jabearen izena darama, dirudienez. Gaurko eraikuntza XVIII. mendekoa da. Kalitatezko harlanduak ditu aurrealde nagusian.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean, "Juan de Unzarena" izeneko oinetxea aipatzen du Usurbilen. Badirudi ospitalea edo ermita ere izana dela. Aspalditik, Saroe jauregia da etxe honen jabe, Antonio Murua alegia, Muruako markesa. Gaur egun, bere oinordekoak dira jabeak.

Juandeuntzeneaundin Atxega sendikoak bizi ziren, dakigunez, XVII. mendetik behintzat. Etxeko alaba zen Pilar Atxegarekin Joxe Domingo Aizpurua Zubietako Etxetxoko semea ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Joxe Manuel, Nazario, Jorge, Genaro eta Markos. Jorge Juandeuntzenea etxean gelditu zen, Merzedes Aristimuño Nafarroako Uitzi herriko alabarekin ezkondua, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Horietako bat gelditu zen etxean: Mariano. Hau Aginagako Lasaoko alaba batekin, Maria Zabalarekin, ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Orain dela gutxi, Mariano hil zen arte, hiru edo lau behi zituzten, baina 2001ean kendu zituzten. Hutsa dago orain, baina gaur, behintzat, Elizaldeko kaskoan irauten duen ukuilu bakarra da.

Juandeuntzenetxikin, Angel Aranburu Lertxundi (bertako semea) eta bere emaztea, Maria Otaegi Gorospe (Zegamako Zuloagako alaba), bizi ziren. Bederatzi seme-alaba hazi zituzten. Ukuiluan behi bat edo bi izaten ziren. Angel kartero eta txistulari izan zen, semeek, berriz, esku soinua eta danborra jotzen zuten. Juandeuntzenetxiki, horregatik, ezagunagoa da Usurbilen Karteruenea izenarekin. 1975 aldean, familia honek etxea utzi, eta orduz geroztik ez da bertan inor bizi.

Juandeuntzenea hauen lurrak elkarren ondoan daude: Atalluko erriberetan, Olarri aldean, baita Aranerrekan ere.

Etxeari izena eman dion Juan de Unza, 1569 eta 1589 bitartean, Usurbilgo herriko eskribau edo idazkaria izan zen. Badirudi bera izan zela etxea egin zuena. 1589an joan egin zen Usurbildik, eta 1594an Felipe IIIa erregearen idazkari izan zen; ondoren, Gorteko maiordomo nagusi, eta 1614tik aurrera, erreginaren zalditegiko kontablea.

1615ean, Maria de Unça San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatu zuten.

1642an, bestalde, bada "Unzarena" izeneko etxearen aipamenik: orduan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, bi dukat eman zituen erregearentzat. "Donativo graçiosso" deitzen zen emaitza hura.

Baserriaren lotutako argazkiak: