Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizaldeko erdigunetik ipar mendebalera Txulunbreerreka pasata, Oria ibaiaren ertzetik hurbil dago Kaparotz baserria. Planta errektangularra, eta harriz eta manposteriaz egindako hormak ditu. Teilatua bi ur-isuritakoa da. Aurrealde edo fatxada nagusiak (hego ekialdera begira dago) zurezko egitura dauka bilbapen oso erregularrarekin. Etxearen barruko egitura, osorik, zurezko sekzio handiko habe eta soliboekin osatua da, simetrikoa eta kalitate handikoa. XVI. mendeko eraikuntza bikaina da Kaparotz.

Lope Martinez de Isastik ez du aipatzen bere lanetan, ez izen horrekin behintzat. Ziurta daiteke, hala eta guztiz ere, idazle honen garaian, hau da, 1625ean, Kaparotz gaur dagoen lekuan zegoela.

Aurkitu dugun lehenengo aipamena 1442koa da. Izan ere, urte hartan jaioa zen Miguel de Caparoz izenekoak, epaiketa batean lekuko gisa deklaratu zuen 1508an. Martin de Ugalde zuen aita.

Kaparotz baserriaren jabeak Atxega jauregiko ondorengoak ziren. Haienak ziren Kaparotz, eta haren inguruko Atxegazar, Alperro eta ibaiaren beste aldean zeuden SaƱarrinea eta Santuenea ere.

Esteban Iribar Barrutia, Gilisastiko semea, Maria Mujika Zubietako Altzu baserriko alabarekin ezkondu zen. Kaparotz baserria salgai jarri zuten, eta Estebanek eta bere emazteak erosi egin zuten 1932an. Esteban garraiolari lanean aritzen zen idiekin eta galerarekin; Pasaia inguruetan ibiltzen zen. Berak eta Mariak zortzi seme-alaba izan zituzten eta Joxe, semerik zaharrena, maiorazko gelditu zen etxean. Karmen Garmendia Alberdi ordiziarrarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba ekarri. Kaparotz baserri ederrean bizi da, gaur, alargundua.

Kaparotzek lursail zabalak ditu, bost hektareako erribera handiak eta 18 hektarea Ibaia deitzen den mendian. Estebanen garaian, garraiolari ibiltzen zenean, Kaparotzen zazpi idi egoten ziren, baita paradako zezena ere. Guztira 22-24 abelburu izaten zituzten baserri honetan. Gainera, erriberetan artasoro handiak ereiten zituzten. Baserri aberatsa zen. 1974an Joxe hil zen, eta behiak kendu zituzten.

Baserriaren lotutako argazkiak: