Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Herriaren erdigunetik Arratzaina doan herribidearen ezkerretara dago, Txulunbre eta Olloki deitutako errekek mugatzen duten bizkar baten gainean. Bere lursailak ere bi erreka hauetan mugatzen dira, Urkamendi eta Olarri baserrienekin.

1499an, Miguel de Olloqui aipatzen da Usurbilen egin zen lehendabiziko erroldan.

Luis Murugarrenek dioenez, oinetxe honen aipamenik badago 1550ean.

"Olloqui" izeneko oinetxea aipatzen du Lope Martinez de Isastik bere 1625ko "Compendio Historial de Guipúzcoa" liburuan.

Etxe honetako semea zen Manuel Sagardia, "Manuel Olloki" bertsolari handia, Usurbilen oso maitatua. Olloki baserrian jaio zen 1798an. Berak eta bere familiak egin zuten Artikulatxiki baserria Ollokiren lurretan, seguru asko XIX. mendeko lehenengo 30 urteetan. Familia baserri berrira aldatu zen bizitzera, eta han hil zen Manuel 81 urterekin, 1879an.

Sagardia sendia joan eta gero Olloki baserrian maizterrak bizitu ziren; azkenekoak, Lizargarate-Goenaga familiak erosi egin zuen. Migel Lizargarate Olarriko alaba zen Manuela Goenagarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba dituzte. Baserria saldu egin zuten: etxea alde batetik eta lurrak zatika, bestetik, eta kalera joan ziren bizitzera. Etxearen nagusi berriak, gaur, baserri zaharra osorik eraberritu du. Beste lur zatietan zenbait txabola eta baratze dago.

Garai batean, sei-zortzi behi eta idi parea izaten zituzten Ollokikoek. Ibaeta aldera zuten joera, eta tratuarekin egunero Antiguara joan ohi ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: