Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Elizalde erdigunean, Irazu kalean dago. Harearrizko harlanduz egindako hiru solairu eta ganbara duen etxe handi bat da, bi ur-isuritako teilatu batek estalia. Bi etxebizitza artean erdibana zatitua zegoen lehen. Gaur egungo eraikuntza XVIII. mendekoa da baina seguru asko beste etxe zaharragoa zenaren gainean altxatu zen, aurrealde nagusian duen erdipuntuko bi arkuek salatzen dutenez. Gaur egun guztiz eraberritua dago.

Beharbada, Paris izango da Atxegaren dorretxearekin batera Usurbilen dokumentatua dagoen oinetxerik zaharrena. Usurbilgo historiaren hastapenetatik aipatzen da Paris etxea eta bere hariztia.

Herriko etxe, kontzeju etxe edo udaletxerik egin baino lehen, "Paris etxeko hariztian" biltzen ziren batzarrean. Aipatutako hariztia, seguru asko, 1661 eta 1670 artean desagertuko zen, urte haietan egin baitzen herriko etxe berria leku horretan.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean, Paris oinetxea aipatzen du Elizalden.

Ochoa de Paris, Usurbil hiribildu egin eta urte gutxitara, 1397an, Usurbilgo ordezkari edo prokuradore izan zen Getarian egin ziren Batzar Orokorretan.

Ochoa Perez de Paris 1402an, arbitro eta epaile izan zen Donostiako Martin Martinez de Leyzalde eta Atxegako jaunaren (Juan Beltran de Gaona) arteko liskarretan.

Ochoa de Paris, 1458an jaioa, Paris etxeko semea zen. 1499an Usurbilgo alkate zen.

Miguel Sanchez de Paris XV. mendearen bukaeran aipatzen da, Zubietako Irurubieta oinetxeko Juan Gonzalez de Irurubietaren aitona zela eta.

1642an, Domingo de Urrizmendi zen etxearen jabea, eta era berean, Aginagako Mitxelkonea ere berea zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, erregearentzat, "donativo gra├žiosso" deitutako emaitza gisa, hiru dukat eman zituen bi etxe hauen izenean.

1669 urtea baino lehen, Lucas de Celayandia Paris etxeko jabe zen eta aipatutako urte horretan kendu egin zioten etxea, beharbada, zorretan zegoelako. Probestu kargua eskaini zioten, baina ez zuen onartu. Urte batzuk beranduago, 1693an Usurbilgo prokuradore izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

1940 inguruan, Paris etxeko behe solairuan, ezkerreko aldetik, taberna egoten zen, eta Librada eta Kasimira Aranburu ahizpak ziren taberna hartako zerbitzariak. Lehenengo solairuan, Gertrudis Urkia bizi zen, San Salbatore elizako serora zena, eta bera arduratzen zen elizako kanpaiak jotzeaz. Etxean eskolak ematen zituen gainera. Solairu berean baina eskuin aldean, Joxe Martin Urkia, Gertrudisen aita bizi zen. Lanbidez igeltseroa zen.

Jabeak Juan Maria Olazabal ete bere emazte Soledad Altube ziren, eta Gernikan bizi ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: