Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Kaleberriren erdigunean aurkitzen da, Irazu kalean, dema-plazaren parean. Parisberri izena agertzen da jabetza eskrituretan, baina "Motzanea" deitzen zaio Usurbilen. Hiru solairuko etxea da, eta aurrealde edo fatxada nagusia kalitate oneko harearrizko harlanduz egina dauka. Gaur egun erabat berritua dago.

XVIII. mendeko eraikuntza da, ondoan dagoen Paris etxearen garai berean egina. Paris etxearen jabe berena zen gainera, Juan Maria Olazabal eta bere emazte Soledad Altuberena hain zuzen ere.

Oraingo jabea Arriaga familia da. Juan Agustin Arriagaren semea, Luziano, Kalezarreko Paskualenea edo Santusenea etxeko Joxepa Intxausti alabarekin ezkondu zen. Joxepa alargun gelditu zen eta berriro ezkondu zen Aintziberriko Juan Olasagastirekin. Lehenengo senarrarekin bost seme-alaba izan zituen, eta bigarrenarekin beste lau.

Etxearen inguruko sailetan etxeak eraiki dituzte eta etxe zaharra osorik eraberritu dute. Etxe honek bazituen lursailak bere inguruan, mendian eta Legarritzaga aldean. Lau edo bost behi egoten ziren Motzaneko ukuiluan, baina aspaldi kendu zituzten.

Baserriaren lotutako argazkiak: