Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Kaparotz baserritik iparraldera, bizkar baten gainean, belardiz inguratua aurkitzen da Udarregi baserria. Lau aurrealdeak harri eta mortairu estali gabeaz eginak dira. Harearrizko harlanduak baserriaren lau ertzetan daude. Lehenengo solairuan eta ganbaran, ekialdeko eta hegoaldeko aurrealdeetan, zurezko egitura erregular eta ederra dauka. Beheko solairuan, leiho eta ate buruak harlanduzkoak dira, aldiz, barruko egitura guztia zurezkoa da.

XVII. mendearen erdi aldera eraiki zen, hemen zegoen beste baserri txikiago bat ordezkatzeko seguru asko. Saroe jauregiko jabegoa izan da beti. 1689an Ignacio de Soroa kapitainak sortu zuen lokarrian aipatzen da: "La casseria llamada Udarregui sitta en jurisdicion de la dha villa, con sus manzanales, tierras de sembrar, montes y demas pertenecidos...". Beti maizterrak bizitu izan dira Udarregin.

1830eko hamarkadan, Alkain-Iruretagoiena familia bizitu zen bertan. Familia honetako seme bat, Juan Joxe Alkain Iruretagoiena, Udarregi bertsolaria, 1829an jaio zen Aiako Uztaetaburu baserrian, eta haurra zela, familia Usurbilgo Udarregi baserrira aldatu zen. Geroago, Artikulaaundira aldatu ziren. Juan Joxe gaztearen bizitza Udarregin pasatako urteek markatu zuten, handik aurrera baserriaren izenarekin gelditu baitzen.

1920ko erroldak dioenez, Udarregin Kamio familia eta Jose Migel Elgarresta bizi ziren.

Frantzisko Exposito ere bertako seme zen. Aita Joxe Migel Exposito zuen, eta berak zioenez, aitona inklusatik ekarria zuten. Joxe Migelen emaztea, Lutxi, amezketarra zen. Seme bakarra izan zuten, Frantzisko, txirrindularia eta gero taxista izan zena; emaztea Bittori zuen, Aizarnazabaleko alaba, eta lau seme-alaba izan zituzten. 1970ean, baserria utzi zuten kalera joateko bizitzera. Hala ere, urte batzuk gehiagotan jarraitu zuten behiekin. Garai batean, etxean morroia edukitzen zuten.

Gaur egun, Udarregiko ukuiluan hiruzpalau behi daude, eta baserriko lursailak ere erabiltzen dituzte. Gaur, Zuriarrain Alkorta familiak zaintzen du baserria, eta baratzea ere badute. 1980az geroztik, baserrian ez da inor bizi.

Baserriaren lotutako argazkiak: