Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Kalezarren aurkitzen da, kaskoan. Belmonte zaharreko hegoaldeko portala zaintzen zuen eta etxea bera harresiaren zati zen. Beraz, esan dezakegu Belmonteren fundazioaren garaian eginak direla bere hormak. Kaleari begira dagoen aurrealdean, nabarmenak dira XV. mendekoak izan daitezkeen hareharrizko harlanduak.

Seguru asko, bere historian zehar, behin baino gehiagotan erreko zen Eskribanea, eta horregatik gaur ez du zurezko egitura zaharrik. Bere izenak garbiro adierazten du eskribauaren edo herriko idazkariaren etxea zela. Herritarrek, dena den, Tranpanea esaten diote. Behar bada, izengoiti hori gerra karlisten garaietakoa da. Urte haietan, Urkia familia bizi zen bertan, eta familia honetako kideek herriko alkate eta agintari karguak zituzten. Liberalak omen ziren, "beltzen aldekoak", eta herritarrak, berriz, karlisten aldekoak ia denak. "Tranpa" izengoitia deitzen zioten etxe honetako nagusiari. Santa Kruz apaizak "zerga iraultzailea" kobratzen omen zion gainera.

Gaur, Matxain familia bizi da Eskribanean, eta izen hori esanda ere ezagutzen da etxe hau.

Juan Perez de Lasarte izenekoak, Usurbilgo Belmonten auzotasuna zuen eta hiribilduko prokuradore izan zen 1397an, Getarian egin ziren Batzar Nagusietan. Beharbada etxe honetan bizi zen.

Urkia familia zen etxe honetakoa, eta haien alaba bat Andoaingo Ieregi familiako seme batekin ezkondu zen. Ieregi-Urkiatarren alaba, Paulina Ieregi Urkia, berriz, Olarriko seme zen Pedro Manuel Matxainekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba hazi zituzten: Joxe, Katalina eta Maria. Joxe gelditu zen maiorazko. Lehenago Aranaerreka eta gero Ugarte baserrietan bizitu ziren Maiz familiko Joxepa Maiz Illarramendirekin ezkondu zen, eta bost seme-alaben aita-amak izan dira. Baserri gisa jarduera gutxi izan du Eskribaneak. Hiruzpalau abelburu izaten ziren etxe honetan. 1975 aldean kendu zituzten. Lursailak erriberan eta Ibarrola inguruan ditu. Erriberako lurrak etxerako baratze gisa erabiltzen dituzte.

Eskribanea aurrean Belmonte kalearen beste aldetik Arotzanea eta Errebal etxeak kokatzen dira. Errebal, taberna eta auzotarren biltokia izan zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: