Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Donostiako Ibaeta aldetik etorriz, muino baten gainean dago Maskolaitz. Antzinako Atxegatarren gotorlekua ordezkatu zuen baserriak. Gaur, hareharri irregularrez egindako eraikuntzak ez du interes nabarmenik.

Maskolaitz, bada, Atxegatarren dorre edo gotorleku bat izan zen, seguru asko jauntxo honen lurrak defendatzeko eraikia. Dorre honi su eman eta suntsitu egin zuten XV. mendearen erdialdean Gipuzkoako ermandadeek, Gaztelako Enrique IV.a erregearen agindua betez. Mende lu-zeetan antza denez abandonatua egon eta gero, XVIII.-XIX. mendean baserri bihurtu zen.

Manuela Zuriarrain da bertako amona, Albizturren 1911n sortua, Igaran baserrian. 1926a zen, artean 16 urteko gaztea zela, Donostiako Ibaetako Otaño baserrira etorri zenean. Familia osoa etorri zen, aita, ama eta zazpi anaia-arreba. Lugaritz auzoko Añorga baserriko Patxi Leundarekin ezkondu zen 1939an. Patxi bere familiarekin batera Añorgatik Maskolaitzera etorri zen (14 anaia-arreba ziren). Manuelak gogoratzen du nola ezkondu ziren Antiguako parrokian, gerra garai hartan, eta ezkon-bidaian Bilbora nola joan ziren trenean. Maskolaitzen lau seme-alaba hazi zituzten.

Bederatzi behi eta idia zituzten baserrian, baita zaldia ere, Donostiara tratuarekin joateko. Morroia ere izaten zuten. Behiak susa zeudenean Artxubietara eramaten zituzten zezenaren parada han baitzegoen. Zaldi-karroarekin esnea partitzen zuten Donostian, eta San Martingo plazan postu bat zeukaten esnea eta tratua saltzeko.

Joxe Leunda, Patxiren aita, Goierriko Astigarretatik etorri zen Añorgara. Petrikiloa zen, eta Manuelak dioenez, belarrekin masajeak ematen zituen sabelean. Joxeren emaztea, Patxiren ama, Maria Intxausti zen.

Esan dugunez, Maskolaitz Atxegatarren jabegoa izana da. Geroago, Donostiako Ibaetako Zuastiederreko Javier Osinaldek erosi zituen lurrak. Leunda familia baserria eta 2000 metro lurrekin gelditu da. Osinalderen aurreko jabeak, Leunda Otegi senideak, Tolosan bizi ziren, eta Maskolaitz baserriko Leundatarrak hara joaten ziren errenta pagatzera. Nagusi berena zen Bentazikin ere. Dirutan pagatzen zuten errenta, eta sagarra jabeekin erdibana banatzen zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: