Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Saizar baserria Kalezarretik Ibarrola baserrietara doan herribidearen ezkerretara dago. Baserria ordeka batean dago kokatua.

Lehengo etxe zaharra eraberritua dago. Saizar sagardotegi handiaren zati bat besterik ez da. Gaur, oraindik mantentzen du XVI. mendeko egituraren zati bat. Beste elementuen artean, garaiko dolare zaharraren habe bat ikus daiteke.

Saizar izenaren aipamenak aspaldikoak dira oso. Lope Martinez de Isastik "Sagastizar" oinetxea aipatzen du Elizalden 1625ean.

1499an, Esteve de Sagastia Usurbilen egindako lehenengo erroldan aipatzen da.

1508 eta 1515 artean, Pedro de Sagastizar eskribaua zen Donostian.

1528an, Pedro de Sagastiçar aipatzen da Donostian lekuko gisa, han egin zen galdeketa batean. Eskribaua zen, eta 43 urte zituen orduan.

1566an, Vicente eta Luis de Sagastizarrek, Sagastizar baserriko semeek, Donostian auzotasuna zuten.

XIX. mendetik aurrera, Ibarguren familia bizi izan da baserri honetan. Joxe Ibarguren Alzaga 1878an jaioa zen Saizarren. Joxeren aita, Joxe Antonio Ibarguren, 1846an jaioa, Olibi Ibarguren gaurko etxekoandrearen birraitona ere, Saizarren jaio zen. Joxeren ama Kontxesi Alzaga zen, Olarriondoko alaba, Saizarrera ezkondua. Joxe, Buenabistako Hilaria Egigurenekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Semeetatik zaharrena, Antonio, maiorazkoa, etxera ezkondu zen, eta Troiako Joxepa Zarautzekin ezkondu zen. Ez zuten haurrik izan.

Garai haietan, 1936ko gerran, Antonioren anaia Luis Ibargurenek, Frantziara alde egin zuen. Tarbes hirian bizi zela, Lapurdiko Getarian ezagutu zuen bere emaztea izango zena, Klara Basurto Illarramendi, Itziarko Olloki baserriko alaba. Gerra bukatu ondoren, Tarbesen ezkondu ziren, eta geroago Saizarrera etorri ziren. Antonio hil zenean, Luis eta Klara geratu ziren Saizarreko nagusi, eta hiru seme-alaba izan zituzten, eta haietatik Olibi, alabarik gazteena, maiorazka gelditu zen. Esteban Lertxundi Aiako Iruretaertze baserriko semearekin ezkondua dago, eta lau seme-alaba dituzte.

Luis eta Klara Tarbesetik Saizarrera etorri zirenean, zortzi-hamar behi eta idi parea zituzten. Saizar baserri oparoa izan da, eta beti egon izan dira morroia, neskamea, eta garai batean, apopiloa ere bai. Geroztik, behiak gehitu zituzten 12-14 abelburu edukitzera iritsi arte. 1975ean kendu zituzten, eta sagardotegi handi bat altxa zuten ondoren. Saizar izan da Euskal Herriko sagardotegien azken "berpizkundearen" aurrelaria.

Sagardo garaia txotxean hasten zen, eta festa antolatzen zuten bertsolari eta trikitixarekin. Saizarrekoak izan dira sagardo distilatua egiten lehenengoak, "sagardoz" edaria, alegia, "Señorio de Belmont" izen komertzialarekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: