Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Saizar baserritik iparraldera, Txoritoki deitzen den gain lau batean daude kokatuak Usaskueaundi eta Usaskuetxiki baserriak. 1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" delako zerrendan, "Usascue" baserri bakarra agertzen da, zehazki udaletxetik 1.600 metrora dagoena. Aipatutako urte horretan dirudienez bi etxe isolatuak ziren.

Usaskueaundi baserriari Usaskuezarra ere deitzen zaio. Lehen, Lasarteko Muñagorri familia zen baserriaren jabeak, eta Aburruza familia maizter bizi zen. Zelestino Aburruza Asteasuko Ain-Etxeberri baserriko semea zen. Aburruza abizena Bidaniako Elola bailaran dagoen izen bereko oinetxetik dator, eta XVI. mendetik aurrera Gipuzkoako Beterri aldean zabaldu zen.

Zelestino ezkondu, eta Anoetara pasa zen bizitzera. Han jaio zen Maria Matista Aburruza, Ibarrolaaundiko amona, Usaskuaundiko amona den Maria Matista Agirreren koinata. Zelestino eta bere emazte Maria Juana Otegi Anoetatik Larbainera etorri ziren bizitzera, zazpi seme-alabarekin. Larbaingo beste etxean, berriz, Agirretarrak bizi ziren, Beasaingo San Andres baserritik etorrita.

Larbain saldu zenean, Usaskura aldatu zen Zelestino bere familiarekin. Agustin bere semea gelditu zen etxearekin. Agustin, Larbaingo aldameneko etxeko alaba zen Maria Matista Agirrerekin ezkondu zen.

Agustin eta Maria Matistak sei alaba eta seme bat izan zituzten, eta haietatik Felisa alaba gelditu zen baserrian, Fidel Balerdi Mintegirekin ezkondua, Orexako Txuriñeberriko semea. Bi seme-alaba dituzte. Etxea 1965ean erosi zioten Lasarteko Konsuelo Muñagorriri. Usaskueaundi baserri txikia da, lauzpabost abelburu izaten zituen. Gaur, zazpi larre-behi dituzte. Lehen, etxeko amona Maria Matista joaten zen Lasartera esnea partitzera, astoarekin egunero. 1990ean Usaskuee baserri zaharra bota egin zuten, eta gaur dagoen etxe berria eraiki.

Bada baserri honen izenaren antzinako aipamenik: 1644an Joanes de Arrillaga Usasque agertzen da Usurbilen alkatea aukeratzeko egin zen batzar batean partaide.

1704ean, Sebastian de Arrillaga zen "Usasque" etxeko eta baserriko jabea.

Baserriaren lotutako argazkiak: