Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aritzeta izenaren aipamenak antzinakoak dira. 1566an, Pascoal de Arizeta izenekoak, Donostian auzotasuna zuela badakigu. Usurbilgo Arizeta izeneko etxeko semea omen zen. Lope Martinez de Isastik Usurbilgo Ariceta deitutako oinetxearen aipamena egiten du 1625ean.

1680an, Juanes de Arrilaga Ariceta izenekoak lekuko gisa deklaratzen du auzi batean. Gizon hau 1599an jaioa zen, eta 1634an Usurbilgo alkate izana. Haren aita Miguel de Arrillaga zen (1560an jaioa eta 1636an hila); aitaginarreba berriz, Domingo de Yarça (Usurbilen 1560an jaioa, eta 1640an bertan hila).

1723an, berriz, Martin de Reiza Arizeta, Ibarrolaaundiko ondorengoak, kaparetasuna frogatu zuen Zestoan.

Aritzeta zelai zabal eder batzuen erdian zegoen, Zelaiaundi eta Benta artean. Aritzetamendi izenez ezagutzen zen Kaleberrin. Baserriak beste eraikuntza baten hondakinak zituen ondoan, eta biak Aritzeta deitzen ziren. Seguru asko 1868 inguruan bigarren karlista gerran erre zen baserri hau. 1862ko Nomenclator de la Provincia de Guipúzcoa baserri zerrendetan "Ariceta del Dueño" eta "Ariceta del Inquilino" bi etxeak aipatzen dira. Gaur, biak desagertuak dira.

1920ko erroldaren arabera, Joxe Mari Arratibel eta Mikaela Munduate senar-emazteak eta beraien zazpi seme-alaba ziren Aritzetako baserritarrak.

Beranduago, Domingo Arrillaga eta Josefa Arruti bizitu ziren Aritzetan. Seme bat, Juan, Araizko Gaintza herriko Juana Baldarekin ezkondu zen, eta senar-emazte gazteak Aritzetan jarri ziren bizitzen. 1972an, ordea, Aritzeta desjabetua izan zen, eta Bilbo-Behobia autobidea egiteko, baserria bota egin zuten. Horrela, Aritzetaren lurretan egin ziren autobidearen gasolindegi eta zerbitzuak. Baserriak 209 metro koadroko planta zuen, zurezko egitura eta bi isuriko teilatua. Harlanduak zituen ertzetan, ateburu eta leihoetan.

Gertu, iparmendebalera pareta zahar batzuk zeuden, Aritzetako maizter etxearen hondakinak ziren.

Baserria kokatzen zen lekutik hegoaldera, borda-ukuilu berri bat eraiki zuten. Ukuilu honetan Aritzetako semea zen Migel Arrillaga Baldak larre-behiak zaintzen zituen. Migel 1999an hil zen. Gero, familiak kendu egin ditu behiak. Gaur Aritzetako ukuilua hutsik dago.

Jesus Balda 1905ean jaio zen Araizko Gaintzan. Jesus Juana Baldaren anaia zen, artzaina lanbidez, familia bezala eta Ibarrolatxikiko Roxario Arruti zuen emaztea. Urtero, uda partean, Andimendira joaten zen, eta neguan Usurbila jaitsi; eta Aritzetara etortzen zen. Urteak pasata, eta bere arreba Juanita ezkondua zela, Jesus ere Aritzetan bizitzen jarri zen, eta udan Andimendirako bidea hartzen zuen. Jesus eta Roxariok Aritzetan hazi zuten familia, zazpi seme-alabaz osatua. 1958 aldera, Jesus artzainak Donostiako Ibaeta auzoko Pillotegi baserria erosi zuen, eta familiaren zati bat hara joan zen bizitzera. Ondoren, zenbait urtez jarraitu zuen artaldearekin Andimendira joaten, 1969 aldera azken abelbidea egin zuen arte.

Baserriaren lotutako argazkiak: