Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zelaiaunditik iparraldera, mendi hegal batean zegoen Arpidegieta zaharra, edo Arpita, jendeak baserri honi deitzen dion bezala. Etxe zaharra erre ondoren, Arpitaberri eraiki zuten zaharraren azpialdean, errekaren ondoan, eta bertan bizi dira gaur bertakoak.

Lehengo nagusiak (Aldabalde familia) Urdaiagara joan ziren bizitzera. Gaur egun, Lizarazu familia bizi da baserri honetan. Lizarazutarrak Goierriko Astigarretatik etorri ziren 1920an Arpidegietara. 25.000 pezeta ordaindu zituzten baserria eta lurrengatik Markos Lizarazu eta Juana Mari Sarriegi senar-emazteek. Markos Astigarretako Latxe baserriko semea zen, eta Juana Mari emaztea, berriz, Beasaingo Erauskinzar baserriko alaba. Hamar seme-alaba izan zituzten, denak Astigarretako Latxen jaioak, Migel gazteena izan ezik, hau Arpidegietan jaio baitzen. Pedro semea, baserritik kanpo bizi izan ondoren, baserrira bizitzera etorri zen. Garai hartarako ezkondua zen Eusebi Eizagirrerekin. Eusebi Zarauzko Urteta auzoko Isasti baserriko alaba da. Markos eta Juana Mari gurasoak oraindik bizi zirela, Pedro eta Eusebi baserrian jarri ziren bizitzen. Hiru seme-alaba izan zituzten.

Familia Arpidegieta baserri zaharrean bizi zen, baina baserri hau erre egin zuten 1958ko apirilaren 10ean. Orduko morroiak su eman omen zion egun hartako bazkalondoan. Garai hartan bospasei buru zituzten. Markosek larruzko abarkak egiten zituen etxean, eta etxekoandre gaztea, Eusebi, tratuarekin eta esnearekin Antiguara joaten zen egunero. Postu bat zuen Antiguako plazan. Eusebik gidatzeko karneta lortu zuen 1955ean, eta gaur ere, 82 urterekin mantentzen du baimena, eta autoa gidatzen du egunero Antiguara joateko. Antiguako plazara joaten jarraitu du, Donostiako udalak plaza hau itxi duen arte. Lau larre-behi eta lau ahuntz dituzte, azken hauek bazterrak garbi edukitzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: