Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Asteasuain familia Usurbilgo zaharrenetakoa da: familia horri buruzko erreferentziak XV. mendean hasten dira. 1402an, Juan Pedro de Astesuain izenekoa arbitro eta epaile izan zela badakigu, Donostiako Martin Martinez de Leyzalde eta Usurbilgo Atxegako jaunaren arteko desadostasunak konpontzeko. 1447an Juan Ruys d'Asteasuayn, Belmonteko prokuradore gisa azaltzen da Azkoitian egin zen Batzar Nagusian. 1493an, Christobal de Asteasuain aipatzen da, Atxegatarren eta Aginagako Soroatar eta Sariatarren arteko beste auzi batean berriro.

XV. mendearen bigarren erdian, oinetxe horretako ondorengo zen Juanes de Asteasuain, Donostiako biztanle zen. Haren alaba bat ere, Maria Perez de Asteasuain izenekoa, hirian bizi izan zen, eta Domingo de Lizarzabururekin ezkonduta zegoen. 1554an, Maria Perez de Asteasuain, izen bereko andrea zen etxe honen jabea. Domingo de Gamboa zuen senarra. Aipatutako urte hartan, Valladolideko Kantzelaritzak zera erabaki zuen, Lasarteko Dorreko jabeen salaketa bat zela eta: ezin izango zela inoiz Asteasuaingo errotan burdinola bat eraiki. Honela dio Domingo de Lizasok bere Nobiliarioan: "...contra Domingo de Gamboa y doña Maria Perez de Asteasuain, su mujer, señora de la casa solar de Asteasuain la mayor, sita en la jurisdicción de la Villa de Usurbil, en que se manda que la dicha doña Maria Perez de Asteasuain, ni sus sucesores en su tiempo ni otros en el suyo, no fabriquen en su molino de Asteasuain ni en otra parte de sus tierras del río Oria, herrería alguna...".

Lope Martinez de Isastiren Compendio Historial de Guipúzcoa liburuan (1625 urtea) Asteasuainaundiren aipamen berezirik ez da egiten. Aipatzen da, ordea, Asteasuain armadun oinetxea Usurbilgo Zubietan dagoela. Kate batez inguratutako kolore gorriko hondo batean dauden bi zezenek, eta horien gainean dagoen esku armatu batek osatzen dute Asteasuainen armarria.

Asteasuainaundi baserria (zenbait dokumentuetan: Artogorin-aundia) Usurbilgo San Salbatore elizaren barrutiari zegokion, eta bertan zuen, gainera, hilobia. Seguru asko Lasarterekin duen hurbiltasunagatik, edo herri horretako San Pedro parrokiak eskatuta, Asteasuainaundi, Zapatarirekin batera, Lasarteko San Pedro parrokiara pasa zen 1875ean.

1890ean, Joxe Mari Aranburu Zugasti (68 urte), Joxe Ignazio Aranburu (86 urte), Frantzisko Zaldua Zugasti (33 urte) eta bere anaia Joxe Ignazio (31 urte) bizi ziren Asteasuainaundin. Nekazariak ziren guztiak.

1918an, Asteasuainaundik lur eremu zabalak zituen. Bereak ziren gaur Urbil merkataritza guneak hartzen dituen lur guztiak, Michelingo orubeetako zatirik handiena, Luzuriaga altzairutegiak hartzen dituen lur guztiak, Elorgo jabego guztiak... Horiek guztiek lursail bakarra osatzen zuten, eta jabe bakarra zuten: Joaquin Lizasoain.

Urte horien inguruan ere, baserri honen lur eremuetan eta bere auzoko Zapatari baserrikoetan aerodromo bat eraiki zen. Campo de aviación de Lasarte deitu zen eta 1928ra arte iraun zuen. Geroago, zabalune horietan Michelin lantegia egin zen. Baserri ingurua, berriz, garai beretsuan egin zen golf zelaiak hartu zuen. Horrela galdu ziren 1928rako erre eta gero gelditu ziren horma zaharrak.

Txikierdiko Dolores Bordak ezagutu zuen Asteasuainaundin jaiotako Manuel Zulaika. XX. mendearen lehenengo laurdenean, Manuel Zulaika Teresa Bordarekin ezkondu zen, Doloresen senidearekin. Manuel eta Teresa Donostiako Lugaritz auzoko Errekaldera joan ziren bizitzera. Manuel Zulaika caddie gisa aritu zen lanean, lehenago aipatutako golfeko perratxak (makilak) eramaten. Igeltsero ere izan zen urte batzuetan, azkenik Michelinen lanera sartu zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: