Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zelaiaundi eta Elorko mendien artean aurkitzen zen, lepo zabal batean. Autobidea egiteko bota egin zuten etxe zaharra. 1857ko Gipuzkoako baserri-etxe zerrendetan "Inchinchabal" izenarekin ageri da. Zenbait agiritan Itxurrizabal eta Itxurinzabal ere deitzen zaio. Dirudienez, baserriaren izena bere lursailetanetan dagoen eta Iturrizabal izena duen iturri batekin erlazionatua omen dago, horixe dio bertako familiak.

1850eko Donostiako udalerriaren mapa batean ez da baserri hau ageri, baina bai 1852ko beste batean. Beraz, pentsa liteke tarte horretantxe eraiki zutela Ibaetako Loistegi baserritik banandutako lurrean. Aipatu beharra dago, hala ere, udal barrutiaren mugak ez zirela gaur diren berak; garai hartan, adibidez, Lugarizko Barkaiztegi baserria Usurbilgo mugen barruan zegoen, eta Intxuintxabalen lur eremua ere, gaur Donostiari eta Usurbili dagokiena, Usurbilen mugen barruan zegoen osorik.

Intxuintxabaleko familia 1908an etorri zen baserri honetara. Kalixto Iraola Sarasti 1898an jaio zen Altzan. Hamar urte zituela etorri zen Intxuintxabalera familia osoa. Kalixtoren gurasoak Joxe Agustin Iraola eta Petra Sarasti ziren.

Joxe Agustin Iraola Berastegitik etorria zen Altzako Etxeberri-Serres baserrira morroi. Petra Sarasti, berriz, baserri horretako alaba zen. Etxeberri-Serres Donostiako Vicente Laffiterena zen. Horrek, beste baserri batzuen artean, Intxuintxabal ere berea zuen.

Sei seme-alaba izan zituzten Joxe Agustinek eta Petrak: Ezekiel, Maria, Kalixto, Felipe, Presentzi eta Klaudia. Kalixto gelditu zen etxerako Intxuintxabalen. Josefa Ignazia Segurola Aierberekin ezkondu zen, Aiako Pagoederragako alaba. Bost seme-alaba izan zituzten: Konsuelo, Joxe Juan, Mari Karmen, Juan eta Klaudia "Kayi". Konsuelo Donostiako Lugaritz auzoko Zuatzu baserriko Agustin Artolarekin ezkondu zen. Mari Karmen Ameriketara joan zen, Brasilera. Juan, berriz, Lasartera ezkondu zen. Joxe Juan eta Klaudia Intxuintxabalen bizi dira. Gaur, baserria haiena da.

Kalixto Txirrita igeltsero eta bertsolari handiaren laguntzaile ibili zen lanean. Haiek egin zuten Txikierdiko saihesbidea 1916 aldera.

Joxepa Iñaxi, Kalixtoren emaztea, Antiguara joaten zen egunero astoarekin, esnearekin eta tratuarekin. Alaba zaharrenak ere, Konsuelok, joaten jarraitu zuen, eta geroago Mari Karmenek ere bai. Konsuelok eta Mari Karmenek diote 1959an, Gurelesa sortzearekin batera, bukatu zela esnea saltzeko Antiguara joatea. Gurelesa sortzea baserritarrentzat kolpe handia izan zela kontatzen dute.

Intxuintxabal Bilbo-Behobia autobideak harrapatu zuen bete-betean. Hori dela eta, 1972an etxea bota egin zuten. Bota baino lau urte lehenago, baserria berritu eta handitu egin zuten. Bota eta gero, gaur ikusten dugun baserri berria eraiki zuten, 100 bat metro iparmendebalera. Baserri honetan sei-zazpi buru dituzte gaur egun, larre-behiak gehienbat.

Baserriaren lotutako argazkiak: