Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Olanonean, izenak dioen bezala, Olanotarrak bizi dira, betidanik. Etxearen izena eta etxekoen abizena beti bat izan dira. Olanotarrak izan dira beti baserriaren nagusiak. Olanonea Itxaskuetik hurbil dago, Zaldierrekaren goialdean, mendi mazela batean. Lurrek 10 hektarea osatzen dituzte.

Olanonea XIX. mendean eraikia dela dirudi. 1852ko Donostiako udal barrutiko plano batean marraztua agertzen da "Olano Echeverri" izenarekin. 1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa" delakoan "Olano echeverri" baserria agertzen da udaletxetik 3.100 metrotara kokatua.

Antonio Maria Olano 1855ean jaio zen Olanonean. Antonia Zabalarekin ezkondu zen. Antonia Leaburun sortua zen. Bost seme-alaba izan zituzten, eta bosten artetik, Manuel semea gelditu zen maiorazko. Hori Josefa Arratibelekin ezkondu zen. Josefaren familia ataundarra zen, eta Aritzetara maizter etorri ziren bizitzera. Manuel eta Josefak lau seme-alaba izan zituzten: Antonio, Josetxo, Prudentzio eta Maria Jesus. Antonio zaharrena gelditu zen etxean, maiorazkoa baitzen. Gaur bera da Olanoneko nagusia.

Lau pertsona bizi dira baserrian. Lehengo baserri zaharra ukuilu gisa erabiltzen dute orain, eta ondoan etxe berria egin dute. Lehen, 15 buru izaten zituzten, idi parea eta guzti. Gaur egun, sei esne behi eta txekorrak dituzte. Sagardoa urtero egiten dute, orain gutxi arte era tradizionalean, inolako motorrik erabili gabe. 2001ean, motordun dolare berria erosi zuten. Antoniok dio, garai batean, bere aitak morroia izaten zuela eta neskamea ere bai. Gaur, bertako ohiturari segituz, apopiloa hartuko lukeela dio.

Baserriaren lotutako argazkiak: