Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Txikierdi beti taberna izan da. Dirudienez, ostatu izateko eraiki zuten, seguru asko XIX. mendearen hasieran, kostaldeko errepide zaharra Tolosaldera zihoanarekin gurutzatzen zen lekuan.

Lehen, Galardi familia bizi zen, maizter. Jarraipenik gabe gelditu zen familia hura, eta horrela maizter berriak etorri ziren: Julian Borda, Donostiako Amarako Antxume baserriko semea, eta bere emazte Maria Zubeldia, Urdaiagako Oako alaba. Hiru seme-alabekin etorri ziren Txikierdira. Lehenago, Altzako Guardaplata baserrian maizter izanak ziren, eta Txikierdira bizitzera etorrita, beste sei seme-alaba izan zituzten. Lehenengo hiru seme-alabak Manuel, Josefa eta Teresa ziren, Guardaplatan jaioak; eta Txikierdin sortuak: Antonio, Juan Mari, Frantzisko, Anjela, Dolores eta Jose Ramon.

Ostatua erosi egin zioten lehengo jabeari, Montenegrori, eta etxearekin batera, aldameneko Etxeberri ere bai.

Etxeberri, Txikierdiren dolarea eta kotxera zen, Txikierdin gelditzen ziren bidaiarien diligentziak eta zaldiak gordetzen ziren lekua alegia, eta seguru asko Txikierdi etxearekin batera eraiki zen.

Luis Mari Mujikak Etxeberri aipatzen du 1818an baserri bezala. Hiru golde lur zituen.

Etxeberriren ondoan, hari atxikia, Asiurriki deitzen den etxea dago. Borda familiarena zen hori ere, baina ez zen baserri gisa erabiltzen.

Txikierdin lauzpabost behi zituzten, sagardoa egiten zuten, eta barazki asko ere bai, gaur Michelin lantegia dagoen lekuan. Bospasei apopilo bizi ziren bertan. 14 gela ere baziren lotara gelditzen ziren bidaiarientzat. Baserritarren kofradia edo ermandadea bertan biltzen zen. Txikierdiko auzune guztia (eta Benta, Maskolaitz eta beste batzuk ere bai) biltzen zuen ermandadea "Alkartasuna" deitzen zen. Txikierdiko kofradiak 22 baserri-partaide zituen. Portalezako Pedro Mari Lizarraga izan zen garai batez listeroa.

Seigarren senidea, Frantzisko, gelditu zen nagusi Txikierdin, Maria Luisa Kamino Huegun usurbildarrarekin ezkondua. Bost seme-alabaren guraso dira. 1998an, Txikierdi saldu egin zuten, eta Donostiako familia batek hartu du gaur tabernaren jarraipena. Etxeberrin, berriz, dolareak eta kotxerak 1970 aldera kenduta, hiru etxebizitza egin ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: