Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Domingo de Lizasok bere Nobiliarioan XVII. mendearen bukaeran Zelaiaundi oinetxearen hondakinak bakarrik gelditzen zirela dio, sute batek suntsitu baitzuen. Gaurko eraikuntza geroztik egina da, XVIII. mendekoa. Zelaiaundi Gipuzkoako oinetxe zaharrenetakoa da, eta gainera armadun oinetxea edo armeri burua zen.

Armarria lau koarteletakoa da, lehena eta azkena gorriak, bakoitzean urrezko grifoekin, bigarrena eta hirugarrena zilarrezkoak, bakoitzean zuhaitz berde batekin.

Zelaiaundi izenaren oso antzinako aipamenak badira: 1566an, adibidez, Martin Arano de Celayandia Aginagako Iguindegui (Irigoindegi?) izeneko etxeko semeak Donostian auzotasuna zuela dakigu. Dirudienez, arbasoak Zelaiaundikoak zituen. 1584an, Urdaiagako Torrearen jabea Zelaiaundiko ondorengo bat zen, Catalina de Celayandia izenekoa.

XVII. mendearen erdialdean, Juanes de Celayandia izena aipatzen da, hain zuzen ere 1680an egin zen auzi batean. Zubietako Irurubieta baserriaren jabea zen, eta Amiri baserri zaharra eraiki edo eraberritu egin zuen, 1670ean. 1677an, Juanes eta Lucas de Celayandia aita-semeek auzotasuna zuten Usurbilen. Lucas de Celayandia Elizaldeko Paris etxearen jabea izana zen; beharbada zorrak zituelako, etxea kendu egin zioten 1669 urterako. 1683an gizon hau Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari izan zen.

Juan de Echeverri, Villalcazarko kondea eta Calatrava Ordeneko zalduna, etxe honetako ondorengoa zen, haren amona, Maria de Celayandia izenekoa, etxe honetan jaioa baitzen. Ordenean sartzeko frogak Zelaiaundin egin zituen.

Lope Martinez de Isastik "Celai Andia" izeneko Usurbilgo oinetxea aipatzen du, 1625ean. Zelaiaundi bi etxebizitzako baserria da, Txikierdiko goialdean, bere izenak esaten duen bezala, zelai zabalen erdian, (Zenbait dokumentuan: Celaya-aundieta).

Zelaiaundi baserria, osorik, Arsuaga familiarena izan zen. Azkeneko jabeak Donostiako Luis Maria Zulaika, bere arreba Maria Teresa eta koinata Ana Maria Zeberio izan ziren, Zelaiaundiko Altuna sendiak (bertako maizter zirenak) erosi aurretik.

Altunatarrak Zelaiaundin aspalditik bizi ziren. Zelaiaundiren bi etxebizitzetakoak Altunatarrak dira, bi etxeetako birraitonak anaiak baitziren. Dirudienez, lehengo nagusiek (Zulaikatarrek) zatitu egin zuten etxea XX. mendearen hasieran, eta maizterrak ziren bi anaiei erdi bana eman zieten baserria. Horrela, nagusiak lehen errenta bat kobratzen zuen lekuan, bi kobratzen zituen. Baserriaren lurrak ere erdi bana dira bi auzoen artean.

Baserriaren alde zaharrean (XVIII. mendearen bukaeran eraikia) Juan Bosko Altuna Ezkurdia bizi da bere emazte eta bi seme-alabekin. Eraikuntza horrek harlanduz egindako ertzak ditu, leiho eta ateburuak bezala. Kalitatezko zurezko egitura dauka. Lehen, bazuen zurezko hiru ardatzeko dolarea, etxearen egiturarekin batera egina. Egindako azken berrikuntza lanetan, dolarea kendu egin zuten. Bi etxebizitzen aurrealdean pozadera dago, garai batean bi aldeek bertatik hartzen zuten edateko ura.

Behi apartak dituzte, 90-100 buru, Limousina arrazakoak. Gaur, Usurbilgo ukuilurik onenetakoa bat daukate Zelaiaundin. Zenbait lehiaketa eta sari irabaziak dituzte Euskal Herrian eta Estatu mailan. 2000an Erkidego Autonomoko behirik hoberena berena izan zen.

Ohitura zaharrari jarraituz, gaur ere Zelaiaundiko behi bakoitzak izena dauka: "Menta", "Gedeon", "Herminia" (Estatu guztian ezaguna da "Zelaiaundiko Herminia"), "Rebelion", "Indarra", "Izarra"... Txapelketetako behiek eta zezenek izena eduki ohi dute, urtero letra batez hasten dena: 2001ko izenak adibidez, P hizkiaz hasten dira: "Paulina", "Pagua", "Petrikilo", "Pelix"...

Baserriaren alde berrian, XX. mendearen hasieran egina, Maria Jesus Zuriarrain Barrena ama alarguna eta bere seme Juan Joxe Altuna Zuriarrain bizi dira. Bat edo bi behi mantentzen dituzte.

Altunatarren birraitonak Amezketa aldetik etorri ziren. Herri hartako Zelaiaundiko Altuna sendiaren arbasoak XVII. mendearen hasieratik behintzat ezagutzen dira. Baserri zaharreko (hegoaldeko aldea) Ignazio Altuna, 1870ean jaioa, Anttoni Mujikarekin ezkondu zen. Anttoni leaburutarra zen. Lau seme-alaba izan zituzten, eta Zelaiaundin Frantzisko semea gelditu zen. Ikaztegietako Beibakar baserriko alaba batekin ezkondu zen Frantzisko: Kontxesi Ezkurdiarekin. Kontxesi oso andere prestua zen, asko irakurtzen zuen eta gai guztietan oso jantzia zen. Gidatzeko karneta atera zuen 1966 inguruan. 1991n hil zen 79 urterekin. Frantzisko eta Kontxesi senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten: Joxe, Anttoni, Martina, Isabel eta Juan Bosco. Semerik gazteena, Juan Bosco, da gaur etxeko nagusia.

Baserriaren lotutako argazkiak: