Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Aialdenezar, Aialdeneberri eta Atxeganea etxeen artean dago. Etxe bakoitza erdiko pareta sendo batzuek bereizten dute. Aialdeneberritik, aldiz, antzina Aialdenezarraren aurrealdea izan zena da, gaur beste etxetik bereizten duen erdiko pareta. Dirudienez, etxearen barruan harlanduz egindako leihoak daude, Aialdeneberri egindakoan itsutu zirenak.

XVII. eta XVIII. mendeen artean, gehienbat Ayalde deitutako oinetxeko semeek eduki zuten Usurbilgo ordezkaritza Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

1623an, Maria Miguel de Ayalde izeneko bat aipatzen da, San Salbatore elizako gorabehera batzuetan. Gainera, Martin de Ayalde aipatzen da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari edo prokuradore gisa 1650, 1656, 1664, 1676, 1680, 1683 eta 1686an. 1664 eta 1665ean, berriz, Usurbilgo alkate izan zen. Baliteke haren ahaideak izatea Francisco de Ayalde eta Juan de Ayalde, Batzar Nagusietan ordezkari edo prokuradore izanak biak, bata 1659an eta bestea 1660an.

1682an, Tomas de Ayalde izenekoak kaparetasuna frogatu zuen Usurbilen. Kapitain mailako militarra zen. Bestalde, 1711n, Joseph de Ayalde izan zen Usurbilgo ordezkari edo prokuradore Batzar Nagusietan. 1724an, berriro aipatzen da izen hau Usurbilen, auzi batean lekuko gisa. Orduan 76 urte zituen, beraz, 1648an jaioa zen. Geroago, Antonio de Ayalde izan zen Usurbilgo ordezkari Batzar Nagusietan, 1713, 1715, 1717 eta 1720an; eta 1729an agertzen da Geronimo de Ayalde Usurbilgo prokuradore gisa Batzar Nagusietan. Bestalde, 1759an, Martin de Ayaldek kaparedun dela frogatzen du Usurbilen.

Beste Tomas de Ayalde baten erreferentziak ere badaude: 1761ean jaioa zen, eta Geronimo de Ayalde eta Ana Maria de Ibarrolaren semea zen. Itsasoko armada espainiarraren teniente jenerala zen 1836an. 1764an, berriz, Juan Ramon de Ayalde kaparedun gisa onartua da.

Aialdenezarrean Joxe Gorriti eta bere emaztea Antonia Kamino bizi ziren maizter 1920an. Lau seme-alaba zituzten. Gero, Atxegazar erosi zuten eta hara joan ziren bizitzera.

Agustina Etxenike Urrutia, Iruritako Dendaitbordako alaba, etorri zen bertara 1960an ezkonduta, Saturnino Alkain Atxega senarra zenaren etxera. Saturninoren gurasoak Aginagako Lastaolatik etorriak ziren Aialdenezarrera. Aita Joxe Alkain Zaldua "Joxe Puela" zizurkildarra zen, eta ama berriz, Monika Atxega Ikuza, Lastaolako alaba.

Agustina gaztea zela, Donostiara etorri zen neskame eta igandeetan Irubiden egiten zen bilerara joaten zen. "Garai hartan Tolosako trolebusean joaten ginen" dio Agustinak, eta senarra nola ezagutu zuen kontatzen du: "Saturnino usurbildar koadrilarekin joaten zen Elizondoko jaietara Santioetan". Gero, berriro ere Irubiden topatu, eta lagunak egin ziren.

Etxean bost behi, hiru txekor, bi urdama beren kumeekin eta etxeko lanetarako astoa izaten zituzten. "Sufrida" deitzen zen astoa, eta behiek ere izenak bazituzten: "Xapalo", "Tente", "Gorritxo", "Saioa", "Urbaillu", "Zuriko", "Xalto" ... ziren, kontatzen digu Agustinak. "Esnea Copeleche-ri saltzen genion" dio. Senarra Saturnino 1972an hil zen, eta behiak orduan kendu zituzten.

Baserriaren lotutako argazkiak: