Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

"Artzaienea" ere deitu ohi zaio baserri honi. Aialdenezar etxeari hegoaldetik erantsia dago. Antza denez, gaur bi etxe diren hauek, bakarra izan ziren aspaldi. XVIII. mendean, biak berreraikiak izan ziren, eta garai hartakoak dira Atxeganearen zurezko bilbapen ederrak, zurezko bilbapenez eta manposteriaz eraikia baitu hegoaldeko bere fatxada. Atxeganea Aginagako Komunitateko partaidea da.

Behar bada, Atxeganea, Atxega, Aitzega eta Aitzaga ere deitutako dorre eta jauregiko ondorengo batek sortua da. Izan ere, Atxega leinuak ondorengo asko izan zituen, eta Usurbilen eta beste zenbait herritan izen hau hedatua dago.

1704an, Zubietan izan zen auzi batean, "Aitzaga" izeneko baserria aipatzen da, "Hermuategui el Mayor" baserriarekin batera. Bi baserri hauei ez zitzaien onartzen Zubietako larre eta mendietan eskubiderik. Francisco de Aizega maizter bizi zen Ermotegiaundin aipatutako urte horretan. 1672an jaioa zen.

1767an, Manuel Lekuona historialariak dioenez, Lasarteko Brigiden komenturako mantenu pentsio bat ematen zuen baserri honek, zeinaren jabea Ignacio de Muthiozabal zen. Urte horretarako hila zen.

Atxeganean Elias Illarramendi bizitu zen, bi anaiekin batera. Ondoren, Pedro Manuel Altuna ("Pello Artzaya") etorri zen Amezketatik. Horrek erosi egin zuen baserria, eta Aiako Landarbidezarreko Maria Agotekin ezkondu zen 1916ean. Hamar seme-alaba izan zituzten, eta beti baserri-lanean aritu ziren, seme-alabak ezkondu ziren arte. Antonio gelditu zen etxean maiorazko. Gaur, etxea hutsik dago eta ez dago abeltzaintza jarduerarik.

Juana eta Teresa, Pello eta Mariaren alabak dira. Lehenengoa, Puelaberrin eta Atxeganean bizitu zen, eta bigarrena, Urdaiaga jauregiko etxekoandrea da.

Baserriaren lotutako argazkiak: